Alkatearekin bilera, kronika luzea

Badakigu HamaikaBat alderdiak ez duela zero zabor helburura iristeko asmorik eta errauste-plantaren maitale direla. Jon Urien alkateak hori konfirmatu zigun. Zubieta eta inguruko bizilagunekiko inolako elkartasun edo begirune adierazpenik ez zuen egin, errauste-plantak nola eragingo dien behin baino gehiagotan adierazi genion arren.

Jon Urien zarauzko alkatearekin bilera egin genuen atzo…. Gauza asko genizkion esateko. Ez ginen kexatzera joan, alderantziz, proposamen mordoxka jarri genizkion mahai gainean, Zarautz zero zabor herria izan dadin.

Gutxienez, bilera giro lasaiean joan zen eta hori eskertzen dugu. Guk esandakoek ez dute alkate honengan eragin handirik izango baina entzun entzun gintuen.

Bileraren hasieran Usurbilgo Itunaren inguruan sinatu genuen zarauzko agiria laburtu genion, lau puntutan:

–                    Gaur egungo hondakinen kudeaketa desastre bat dela, Europarekin alderatuta oso gutxi birziklatzen dugula, eta horrek arazo handi bat sortzen digula.

–                    Urteta itxi egin behar dela, arazo handiak sortzen dizkigulako herrian.

–                    Zubietan egin nahi duten errauste-planta alperrikakoa dela eta toxikoa gainera, eta beraz alternatibak aurkitu behar zaizkiola.

–                    Zarautzen Zero Zabor programa bat jarri behar dela martxan, zeinaren motorra atez ateko bilketa izango den, birziklatze tasa gaur egungo %25 ingurutik %80 ingurura igotzeko.

Lau puntu horien inguruan herriko gehiengo soziala bildu dugula esan genion, ekimen horren garrantzia azpimarratu genion, eta harrituta geundela Udalak ez zigulako inolako erantzunik eman.

Udalaren iritzia jakina dela eta horregatik ez dutela erantzun beharrik sentitu erantzun zigun.

Urtetari buruz ere hitz egin genuen. Zaborrak tapatu gabe pilatzen ari direla aitortu zigun eta argitzen ari direla ea zergatik ez zaizkien lurrik botatzen ari. Esan genion urjentea dela Urtetara organikoa bidaltzea uztea eta herrietan organikoa aparte jasotzen hasi behar dela, Urtetara iritsi ez dadin. Erantzun zigun hori egitea ‘inposaketa’ dela eta ezin duela ados egon.

Eztabaida labur bat izan genuen orduan. Guk esan genion hobeto dela zarauztarrak hondakinak banatuta ateratzera behartzea, Zarauztarroi zabortegia edo Zubietarrei erraustegia inposatzea baino. Zaborraren arazoa guk bizi dugulako hain zuzen, guk izan behar dugula lehenak zubietarrei elkartasuna erakusten. Erraustegia ez dela beharrezkoa eta toxikoa dela argudiatu genion, eta bilketa eraduen artean hoberena aukeratzeko gakoa emaitzetan dagoela. Hernani, Usurbil eta Oiartzunek dagoeneko %80a birziklatzen dutela eta adibide horiek edukita, ez dugula ulertzen nolatan Zarautzek ez duen birziklatze maila horietara iritsi nahi. Berak erantzun zigun bere alderdikideek beste datu batzuk ematen dizkiotela eta guk proposatzen ditugun aldaketak egiteko gauzak garbi eduki behar dituela eta mementoan ez dituela hain argi.

Zubieta inguruko herritarrekin elkartasunez Zarauzko Udala erraustegira zaborrik ez botatzeko konprometitzea eskatu genion. Ez zuen proposamena onartu: “Gipuzkoa erdiak guri bidaltzen dizkigu zaborrak, orain beste batzuei tokatzen zaie gureak jasotzea”. Esan genion hori argumentu “infantila” dela, hain zuzen guri dagokigulako zubietarrei gure elkartasuna adieraztea, badakigulako zer den besteen zaborrak jasotzea. Arazoa konpondu egin behar dela esan genion, ez beste batzuei pasa.

Ezezkoa espero genuenez, edukiontzien egungo bilketa sistema hobetzeko ere hainbat proposamen egin genizkion. Hobekuntza horietara irekita dagoela esan zigun, eta Udalak dituen baliabideen arabera aztertuko dituztela agindu.

Plastikozko poltsen erabilera murrizteko kanpaina martxan jartzeko eskatu genion. Aztertuko zuela esan zuen.

Autokonpostatze kanpaina egiteko ere eskatu genion, terreno bat dutenei tasetan hobariak emanaz eta kaxak eta ikastaroak doan emanaz. Hau ere aztertuko dutela agindu zigun.

Ikastetxeetan konpostatze-kaxak jartzea eta jangeletako hondakinak bertan konpostatzea proposatu genion, horrela haurren artean kontzientzia egiten joan dadin. Ideia hau gustatu zitzaion eta nola gauzatu daitekeen jardun ginen.

Udalaren baratzetan ere autokonpostatze kaxak jartzea ere aipatu genuen.

Atez ateko bilketa komertziora zabaltzea ere eskatu genion, organikoa jasotzeko gutxienez. Horrek diru kostu altua duela esan zigun eta ez dela posible. Papera eta kartoia atez ate jasotzen zitzaizkiela eta diru faltagatik zerbitzua kendu egin behar izan dutela ere aipatu zigun.

Kaleko zakarrontziak laukoak jartzea proposatu genion. Guztiak bat-batean aldatzea ez zuen egoki ikusten, baina agian toki batzuetan jarriko dituztela laukoak, malekoian dauden antzekoak (malekoikoek ez dutelako organikoa berezita jasotzen).

Azkenik, herrian antolatzen diren jaietan eta ekimenetan (Santo Tomas eguna, Sagardo eguna, Santa Klarak….) zero zabor ekimenak izateko protokolo bat egitea proposatu genion. Gure burua eskaini genuen udalarekin batera protokolo hori idazteko eta ekimen bakoitzari zero zabor zigilua jartzeko, merezi badu. Hori ere aztertuko dutela esan zigun.

Esan bezala, bilera lasaia eta espero genuen arabera gauzatu zena. Herriak hondakinen kudeaketari dagokionez eredu aldaketa bat behar du baina gaur egungo udal korporazioa ez dago aldaketa hori emateko prest. Udal hau dagoen bitartean aurrerapauso txiki batzuk ematea lortzen badugu, gaitzerdi.

Datorren astean Imanol Lasarekin dugu bilera. Guk gauza bera planteatuko diogu. Ea berak nola erantzuten digun.

Honi buruz zarautz0zabor
Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzen dugu. Reducir, Reciclar, Reutilizar.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: