EKOLOGISTAK MARTXAN-EK ONTZAT JOTZEN DU GIPUZKOAKO ATEZ ATEKO SISTEMA

1.-EZ DA IPARRA GALDU BEHAR

Garrantzirik gabeko kontuetan galtzen gara askotan eta oinarrizkoena ahazten dugu: baliabide mugatutako mundu batean bizi gara. Gaur egungo ingurugiroaren egoeran kokatu behar da zaborren arazoa, iruzurrik egin gabe. Zientziak argi eta garbi azaldu du gure zibilizazioak  sortu duen ingurugiro krisia eta aurrean dituen mugak. Eta arduratsua den politika batek hondamendira garamatzan dinamika hau ekidin behar du. Hau da, hondakinen politika bat egiteaz gain, ingurugiro arazo orokorrei aurre egin behar diegu.

Zaborren arazoan  gure  gizartea eta ingurugiroaren arteko urruntze bat eman da, eta banaketa hau azken urteetan areagotu da, kontsumismoa indartu delako, eta ez delako hondakinen gutxitzea bultzatzeko inongo neurririk hartu. Hiri hondakinen arazoa hodi bukaerako arazo bat bezala hartu izan da beti, arazoa ez da orain sortu, bizi dugun egoera urtetan egindako kudeaketa txarraren ondorioz sortu da. Kudeaketa honek kutsatzeko eskubidearen ideia patologikoan oinarritu da batetik eta iruzurra onartu du: baliabide naturalak izatez publikoak diren arren pribatizatu egiten dira, eta hondakinak ordea, jatorri pribatua izan arren publikoak bihurtzen dira. Irizpide hauetan oinarritzen den sistema jasanezina bihurtzen da, eta egoera kritikoetara heltzen da beti.

Hondakinen kudeaketa Europako Hondakinen Zuzentarauan (2008/98/CE) oinarritu behar da, eta zuzentarau honek hainbat lehentasun zehaztu eta betetzera behartzen du: lehenengo eta behin sortutako hondakinen kopurua gutxitu behar da, gero berrerabilpena lehenetsi behar da, eta honen ostean birziklajea bultzatu. Azken aukerak errausketa eta zabortegiak lirateke. Arau honek hondakin organikoak banatuta biltzera behartzen du ere. Beraz ez da inposaketa bat, Europako legediak berak behartzen du materia organikoa banatuta biltzera.

Argi dago atez ateko sistema hobeto egokitzen dela Europako Hondakinen Zuzentarauak finkatzen duen hondakinen kudeaketa sistemen arteko hierarkiarekin. Argi dago ere atez ate-ko sistemarekin birziklatu ahal den hondakinen kopurua asko igotzen dela, baina zer gertatzen da hondakinak gutxitzearen helburuarekin?. Birziklajean lortutako emaitza onaz haraindi , hondakinak gutxitzearen aldeko ahaleginean erronka handia du atez ateko sistemak, Katalunian adibidez atez ateko sistema erabilera eta gero batez beste hondakinen % 11,94-ko gutxitea eman izan da.

Errausketa ez da bakarrik hondakinen kopuruaren biderkatzean oinarritzen den plangintza oker bat, herritarren parte hartzea eta udalen autonomia baztertzen dituen sistema teknokratiko bat da. Hau dela eta hondakinak errausten ez dituen edozein sistema onargarria da, ez dituelako ingurugiro arazo berriak sortzen eta baliabideen suntsiketa ekiditzen du. Errauskailu bat eraikitzea erabateko arduragabekeria da gure ustez.

2.-GAIKAKO BILKETA INTENTSIBOAN DAGO GAKOA

Ekologistak Martxan-ek kontsumoaren gutxitzea eta zaborren kopuruaren gutxitzearen aldekoak gara guztiz, honen ostean berrerabilpena eta birziklajea bultzatu behar direla aldarrikatzen dugu, hau da hondakinen arazoa konpontzeko giltza. Legedia aldatu behar da udalerrietan birziklajea derrigortzeko eta birziklaje kopuruak nabarmen igotzeko. Hau lortzeko ez dugu inongo bilketa sistemarik baztertzen, baina helburua argi egon behar du: gaikako bilketak %80-ra heldu behar du, hau da, Katalunian eta Gipuzkoan gaur egun martxan diren atez ateko sistemek lortzen dituzten emaitzak lortu behar dira.

Edozein bilketa sistema ezartzen den udalerriaren errealitateari egokitu behar zaio eta herritarren partehartzea bultzatu behar da, hau baita martxan jarriko den sistemaren funtzionamendu onaren giltza.

Edozein bilketa sistemak materialak berreskuratzeko bete behar duen lehenengo araua, jatorrizko materialen  gaikako banaketa da. Sen onak esaten digu ez dugula gure etxeetan batu behar gero biltegi desberdinetan gaika botatzea eskatzen digutena. Beraz etxeetan egiten den gaikako banaketa abiapuntua da, materialen berreskuratzea ziurtatzen duen hondakinen kudeaketa egoki bat bermatzeko.

Guztiz beharrezkoa da lehen urratsa bezala, hondakin organikoaren bilketa antolatzea, hau baita zaborraren zatirik handiena. Bizkaian esate baterako, 2001-ko RD-ren arabera usteltzeko moduko hondakin organikoa zaborraren %43,86-a da. Zaborraren zati handi hau ez dago zertan suntsitu beharrik, berreskuratu daiteke ongarri bezala, gure herrian koniferen monolaborantza eta azpiegiturak direla eta, higadura haundia pairatzen duen lurra ongarritzeko. Argi dago Bizkaian eta Euskal Herri osoan ere, lurrak materia organikoaren gabezia duela.

Materia organikoa banatuta biltzeko erabakia hartuz,  tratatu beharreko zaborra, gaur eguneko zabor guztiaren %56,14-an geratuko litzateke, eta ehuneko horren zati handi bat birziklatu daiteke. Bizkaian zaborraren %33-a birziklatzen da gaur egun, bakarrik konpostatzen da %0,8-a eta berrerabiltzen da %0,4-a (ikusi ondoko koadroa), beraz materia organikoa banatuta biltzea egite hutsarekin errefusa osatzen duen zaborraren zatia % 22,74-an geratuko litzateke, hau da, 140.000 Tm/urteko gutxi gora behera. Hau dela eta, materia organikoa banatuta bilduko balitz, Zabalgarbiko errauskailua erdira gutxitu beharko litzateke (gaur egungo 217.000 toneladetatik), eta ez litzateke beharko zabortegi bat bera ere. Den dena konpostatuko dela pensatzea utopikoa bada ere, bide honetatik abiatu beharra dago, behar diren baliabideak eta bitartekoak ipini behar dira, hauxe politikarien lehentasuna bilakatu beharko litzateke hondakinen gutxitze garrantzitsu bat lortzeko.

Bizkaia 2011 urtea.
Tm/urteko %
Materialaren balorizazioa Berrerabilpena 2.074 0,4
Konpostatzea 4.451 0,8
Birziklajea 194.394 33
Balorizazio energetikoa 217406 36,9
Zabortegiak 170482 29
Hiri hondakinak Guztira 588.807

3.-GAIKAKO BILKETARIK ERAGINKORRENA ATEZ ATEKOA DA.

Ezaguna denez, materia organikoaren banaketa ona egin eta ondo egokitutako atez ateko bilketa sistema batek lortzen du eraginkortasunik altuena, %80-ko birziklaje portzentaiak baino altuagokoak lortuz (Antzuolan %92-a birziklatzen da), edukiontzi kolektiboen sistemen aurrean.

Ikus ditzagun zenbait adibide eta datu egoerak alderatzeko:

  • Bizkaian giltzazko BOSGARREN EDUKIONTZIAREKIN, 5 urtetan Bizkaian sortzen den materia organiko guztiaren %4-a konpostatzea nahi dute. Oso helburu apala da, esan beharra dago Usurbilen eztabaida prozesua hasi eta bi urtera %100-a konpostatzea lortu dutela. Atez ateko sistema askoz eraginkorragoa ematen du, Bilboko Udaleko txosten baterako egindako ondoko koadroan ikus dezakegunez. Baina hala ere bosgarren edukiontziarekin Deustun lortutako emaitzak, gipuzkoarrenak baino askoz okerragoak dira, eta bilketaren antolatzaileen utzikeriari baino ezin zaizkio leporatu, hau da Bilboko Udalari edo/eta Bizkaiko Aldundiari.
Tokia Biztanleria 2007 Partehartzaileak Bildutako Toneladak
5º Edukiontzia DEUSTU 22.267 2.200([1]) 63([2])
5º Edukiontzia Amara 26000 5200 330
Aretxabaleta 6.700 1067 65
Azkoitia 11300 2069 137
Azpetia 14300 1288 115
Zarautz 22600 1781 154
Zumaia 9100 1220 80
OSOZ 90.000 12625 881
Atez Ateko sistema Usurbil  2010 5900 5900 981

Bizkaian errauskailuarekin ez da beharrezkoa ez minizaziorik, ez prebentziorik, ezta ordezko tratamendurik, baina hala ere eta itxurak egitearren, Bilboko Deustu auzoan materia organikoa biltzeko saio piloto bat egiten ari dira. Deustuko 22.267 biztanleok batez beste 1,13 kg/pertsoneko eta eguneko sortzen dituzte, hau da 9.184.024 kg, 9.180 tonelada inguru. Hondakin horien %40 materia organikoa bada, Deustun urtero 3.673 tonelada materia organiko sortzen dira, baina kasurik hoberenean bakarrik 63 tonelada materia organiko biltzea aurrikusten da. Hau da, bildu litekenaren % 1,75-a baino ez, huskeri bat. Eta hau horrela da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak ezarritako erizpideen arabera bakarrik bilduko dutelako sukaldatu gabeko materia organikoa, herritarren partehartzea eta konpromisoa asko zailduz.

4.-ATEZ ATEKO SISTEMAREN EZAUGARRIAK

Atez ateko sistemaren aurkakoek, sistema honek sortzen duen zikinkeriaz hitz egiten dute, eta “hondakinen turismoa” delakoaz, hau da zaborrak beste udalerrietako edukiontzietara eramaten direla, eta gainera ohiko bilketa sistema baino askoz garestiagoa dela esaten dute. Baina hau esten dutenek zenbait gauza ahazten dituzte, adibidez gure hirietako auzo askotako edukiontziak gainezka egoten direla eta haien inguruan zikinkeria barreiatuta egoten dela, hau krisiarekin areagotu da, pertsona asko hondakinen artean bilketan aritzen direlako. Atez atekoak usain txarrak sor ditzake baina maiztasun egokiarekin biltzen bada arazo hau asko gutxitzen da, bestaldetik ohiko edukiontziekin usain txarren arazo berdina sortzen da.

Atez ateko sistemaren kostuak direla eta, baliteke martxan jartzea garestiagoa izatea baina etorkizunari begira…. errauskailu bat eraikitzea baino garestiagoa da?. Konpostatzea beste sistemak baino askoz merkeagoa da, adibidez esan beharra dago ZABALGARBIKO errauskailuak (200.000 tonelada hondakin errausten ditu urtero) 154 milioi euro inguru kostatu zuela bere garaian eta ordea 20.000 tn/urteko tratatzeko gaitasuna duen Artigas-eko Konpostegiak bakarrik 6,2 milioi euro kostatu duela. Zabalgarbiko kostu horiei gehitu behar zaizkio PLANTA DE TRATAMIENTO MECANICO-BIOLOGICO izen arranditsua duen instalazioarenak, hau da beste 30 milioi euro. Instalazio hau hondakinen lehortegi huts bat da, zaborra errauskailura lehorrago eraman ahal izateko balio duena, horrela gas gutxiago erabili behar izateko (gero eta garestiagoa da), baina prozesu honetan lixibiatuak sortzen dira.

Gaur egun Gipuzkoak atez ateko sistemarekin biltzea aurrikusten duen materia organikoa konpostatzeko gaitasunik ez dauka. Eragozpen hau, materia organikoa tratatzeko instalaziorik eza, lehenagoko kudeaketa zoritxarrekoagatik sortu da. Jada 2008-an Azpeitiako Lapatx konpostegia zabaldu zutenean, orduko EAJ-PNV-ko agintariek esaten zuten “instalazio hau Gipuzkoak 2009-an izango dituen hiru konpostegietako lehena da”, 2012-an gaude eta besteak ez daude….Zer egin dute PSOE-k EAJ-k eta PP-k gobernatutako udalek, 90.garren hamarkadan erabakitako errauskailuaren eraikitzeko moratoria ezarri zenetik gaur egun dagoen kolapso egoera honetara heltzeko?, albo batera utzi dute , ahaztu, Sasieta eta Txingudi-ko konpostegien eraikitzea eta 10 urte igaro dituzte itsututa Zubietako errauskailuaren eraikuntza burutik ezin kenduz, hondakinen kudeaketan baliatu behar den 3R-en irizpideen hierarkia hankaz gora jarriz.

Orain aukera bakarra hondakinak inguruetako lurraldetara eramatea da. Zera eskatzen dugu, tratamentua ingurugiro eta kalitatezko irizpideekin egitea, konpostatzetik lortutako produktua behar bezala baliatu ahal izateko. Hau dela eta Gipuzkoan konpostegi gehiago eraikitzen diren arte, behinbeineko moduan materia organikoa beste lurraldetara eraman beharko litzatekela uste dugu.

Bizkaiko agintarien ohizko kritika da Atez ateko sisteman lortutako konpostaren kalitate eza, baina ez dute kontutan hartu nahi, ez dute aintzat hartzen hasieratik bosgarren edukiontzietan bildutako materiarekin nahasten zela. Argi dago Lapax-en (Gipuzkoako Konposta) sortutako konpostaren ospea kentzeko borondatea dagoela Bizkaiko Aldundiaren aldetik. Baina hori gertatu beharrean orain dela gutxi konpost honek “A Mota”-ko ziurtagiria lortu du Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino-ren aldetik (MARM).  Ziurtagiri honekin berme guztiak izango ditu lorezaintzan edo nekazaritzan erabiltzeko beste erabilpen batzuren artean.

Ekologistak Martxan-en partehartze kontzientea oinarrizkoa dela uste dugu, hau da herritarrok etika praktiko bat garatu behar dugu, ardura, erosotasunaren aurrean jarri behar dugu. Atez ateko sistemak gu guztion partehartzea eskatzen du, eta pertsona guztien konpromisoarekin baino ezin izango da gauzatu. Ez da erosoa, baina edukiontzien sistema ere ez da erosoa gauzak behar bezala banatu eta egiten dituen pertsonarentzat.

Atez ateko sistema aukera egokia eta malgua izan daiteke, herri eta hiri desberdinetara egokitu daiteke, herritarrekin eztabaida zabaldu  eta konponbide egokienak bilatu behar direla uste dugu. Adibidez pintxoek (zutoiak) Usurbilen emaitza ona eman dute, baina ez da aukera bakarra. Eta egia da ere ez dagoela beti guri zaborra etxe atean bertan biltzea eskatzerik. Bloketako etxeetan egin daiteke, Hernanin ikus daiteken bezala. Hau sistema malgua da (bai ordutegietan, bai tokietan, garraioari egokitzeko moduetan… pintxoaz gain beste aukerak azter daitezke ere).

Aukera dago ere RETORNA sistemarekin batera erabiltzeko, guztiz bateragarriak dira, horrela balitz egoera erabat aldatuko litzateke. RETORNA, ONTZIEN  GORDAILU ETA ITZULKETA SISTEMA bat da, eta gehien erabiltzen diren elikagai likidoen ontzien gaineko gordailu derrigorrezko bat ezartzen du, hau da, ura, garagardoa, zukuak eta freskagarriak eta haien arteko nahasketak hartzen ditu bere gain.

5.- ERAKUNDEEN ARTEKO BEGIRUNEA ESKATZEN DUGU

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak hitzarmena ez berritzeko behin eta berriz egin dituen mehatxu adierazpenak erakundeen arteko leialtasunaren aurkakoak dira, eta Gipuzkoak bere arazoak konpontzeko 2008-ko hitzarmenean azaltzen zen borondatearen kontrakoak dira. Ez dago Bizkaiko elkartasun ezarako ziorik, ez dago hitzarmena ez berritzeko arrazoirik. Gipuzkoak konponbidea bilatzen ari da, agian ez da EAJ-PNV-ren gustokoa izango baina honek ez du zertan boikot bat ekarri behar.

PSE ALDERDIARI DEIALDIA. Deialdi bat egin nahi diogu PSE alderdiari atez ateko sistemaren aukako bere jarrera erasokorra eten dezan, konponbide ekologikoena bilatzeko eztabaida lasaitu eta erraztu beharko luke herri guztietan. Harritu egin gaitu PSE-ren jarrera gatazka honetan,  beldurrak astintzen eta herritarren arduragabekeria, erosokeria bultzatzen, PSE alderdia zabalagoa izan beharko litzateke aurrerakoiak diren ideien aurrean eta eztabaida eta partehartzea bultzatu beharko luke.

Bizkaian Bilbo inguruko Ezkerraldean sortu ziren Zabalgarbi errauskailuaren aldeko lehenengo ideiak PSE-ren udal politikaren eskutik, politika hau ingurugiroaren aldetik atzeraikoa izan da eta ekarri zuen  egoera larriaren aurrean Zabalgarbiko errauskailuaren konponbide azkarra eta ustela saldu ziguten. Errausketa ez da inoiz konponbidea izan, zaborren arazoa behar bezala, ondo eta dagokienean konpontzen ez denean, politikarien eskutik datorren sasikonponbide ustela baizik. Ez dezagun ibilbide berdina berriz egin.

Bilbo, 2012-ko martxoaren 21-an.  Ekologistak Martxan-eko Bizkaiko Hondakinen Batzordea.


[1]  Banatutako 877 etxe edukiontzietatik egindako kalkulua, edukiontziko edo etxeko 2,5 pertsona suposatuz. Udalak emandako datuak baliatuz, 2011-ko urriko udalbatza.

2 Estimazioa. Udalak 1000-1200 kg  astero biltzen direla adierazi du, beraz 1200 kg eta 52 aste urtean, 62.400 kg urtero ateratzen dira.

Honi buruz zarautz0zabor
Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzen dugu. Reducir, Reciclar, Reutilizar.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: