ZERO ZABOR, POSIBLE AL DA ATEZ ATEKORIK GABE?

ZERO ZABOR, POSIBLE AL DA ATEZ ATEKORIK GABE?

Azken boladan hiri-hondakinen arazoaren gaia desitxuratu eta sinplifikatu egin da. Ondorioz, informazio falta handia dago, funtsik gabeko zurrumurruak eta usteak zabaldu bait dira herritarren artean.

Hori guztia argitzeko ZZZ taldeak egitasmo berria abian jarriko du Zarautzen. Datozen asteetan hondakinen kudeaketaren inguruko aurkezpen sorta burutuko du auzoz auzo, izenburu honekin: “Zero zabor, posible al da atez atekorik gabe?”

HIRI HONDAKINEN ARAZOA
Diagnostikoan denok bat gatoz, hiri hondakinen arazoa larria da, ingurumen krisi jasanezina daukagu: hondakin asko sortu eta nahastuta botatzen ditugulako zabortegiak gainezka daude, natur baliabideak edo lehengaiak agortzen ari dira, kutsaduraren eraginez gure osasuna kaltetu eta ingurumena arrisku bizian jarri dugu,…

ARAZOAREN JATORRIA
Lehengaien neurrigabeko ustiapenak, kontsumo eredu konpultsiboak eta hondakinen kudeaketaren egungo eredu linealak (ekoiztu-kontsumitu-bota) eraman gaitu amildegiaren ertzera.

KONPONBIDEAREN BEHARRA
Arazoa ezin dugu ezkutatu edo betikotu (erraustegia bezalako sasi-konponbideen bidez): denbora amaitzen ari denez, konponbideak, iraunkorra izateko, berehalakoa eta eraginkorra izan behar du.

KONPONBIDEAREN GILTZARRIA
Gakoa: guztion kontzientziazioa, konpromisoa eta ardura (herritarrak, eragileak, administrazioa). Udalek eta mankomunitateek erabaki egokiak, ausarteak hartuz eta herritarrok gure eguneroko ohitura sinple batzuk aldatuz arazoaren konponbidea norabide egokian jarriko dugu.

Herritar guztiok arazoaren eragile garenez (denok sortzen ditugu hondakinak), konponbiderako agente nagusia ere herritarrak izan behar du, konponbidea guztion ardura baita. Beraz, zarauztar guztion konpromisoa ezinbestekoa da konponbide eraginkorra lortzeko. Herritar askoren jarrera eredugarria ez da nahikoa: kontsumo arduratsua, berrerabilpena, birziklapena eta hondakinen murrizketa guztion betebeharra da. Birziklatzea ezin da borondatezko ekintza izan, edo hobeto esanda: kutsatzeko eskubiderik ez dago.

KONPONBIDEA: ZERO ZABOR PROGRAMA
Pertsonen osasuna kaltetu gabe, ingurumena zaindu eta ekonomikoki merkeago izango den eredua behar dugu: ekoizpen eta kontsumo eredu zirkularrean oinarritzen den zero zabor politika. Hori lortzeko bitartekoak: gure egunerokotasunean hiri hondakinen murrizketa (ekoizpen eta kontsumo arduratsua, berrerabilpena, autokonposta), birziklapena (sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria da), eta gaika biltzeko sistema eraginkorra.

Zarautz Zero Zabor, 2012-11-14