Disparatearen datuak ezagutzen ari gara

ARGIA astekariak oso modu errazean azaltzen du errauste plantaren finantziazio plana. Disparate konpletoa, baina soka lepoan jarri digute. Libratzeko errezeta ere ezagutzen dugu: mobilizazio etan parte hartu, errausketaren promotoreak maiatzeko hauteskundeetan zigortu, herritarrak informatu (ETBk eta Diario Vascok ez dute egingo), herrietan atez ateko ezarpenak bultzatu eta etxean dena birziklatu.

Advertisements

Erreportaje bikaina

Argia.com gunean BERANDUEGI saio ganberroa egiten dute eta aste honetako erreportajea Zubietako flashmobari eskaini diote. Umorea eta mezu zuzena uztartuz, igandean bizitako komunioa ederki islatzen du.

Katxiporreta telebistan ere atera gara, hau ere kariño guztiz egina dela nabari da.

Eta oraintxe esan digute ETB2ko goizeko eztabaida saioan errausketa izan dutela hizpide eta flashmobaren irudiak bota dituztela. Puri-purian jartzea lortu dugu!!

Belpomme (medikua): “Erraustegiak gizateriaren aurkako krimenak dira”

Sustrai Colinak elkarrizketa luzea egin dio Dominique Belpomme mediku ezagunari ARGIA astekarian. Merezi du oso-osorik hona ekartzea:

“Kontsultara sartu eta medikua hizketan hasi zitzaidan.

Post hau irakurtzen jarraitu

Urko Apaolazak Diario Vascoren interes ekonomikoak agerian jarri ditu

Hemen duzue ARGIAko blogeko pasartea:

Marie-Monique Robin-en aholkua jarraituz aproba txiki bat egin dut eta kontu batekin buzeatzen hasi naiz itsaso horretan. Pertsona batek pasatako informazioa izan da nire ikerketa txikiaren abiapuntu. “Begiraiozu Jaurlaritzako Ingurumen sailaren atarian dagoen dokumentu honi eta konturatuko zara nora eramango dituzten Zubietako eskoriak”, esan dit. Eta hor agertu da izena: Mutiloa.

“En caso de que las escorias tratadas no tengan salida (…) los excedentes se dirigiran a vertederos de residuos no peligrosos, concretamente al vertedero de Lurpe (Mutiloa)”. Bagenekien, Aldundiko arduradunek hala esanda, Zubietako erraustegiko errauts toxikoak Euskal Herritik kanpora bidaliko zituztela, baina… eta eskoriak? Inkognita bat zen urtero sortuko diren milaka tona hondakin kutsagarriak nora eramango ote ziren. Bada, erantzuna Interneten genuen, RESA enpresak egindako Ingurumen-inpaktuaren Ikerketa eta Proiektu Teknikoa dokumentuan (441 orrialdean). Mutiloako Lurpe zabortegira joango dira, “beste irteerarik” aurkitzen ez bazaie (gauza oso probablea).

Lurpe zabortegia Cespa Gestión de Residuos enpresak kontrolatzen du. 1998an ekin zion enpresa horrek zabortegi zahar bat “berreskuratzeari”,  industriako hondakinak botatzeko. Zazpi milioi euroko inbertsioaren ondoren, 2006an inauguratu zuten eta 3.000.000 m3 hondakin jasotzeko ahalmena du; hondakin inerteez gain, amiantoarekin kutsatutako hondakinak ere bertara eramaten dira. Zulo hori bete nahi dute, bada, erraustegiko eskoriez.

Cespa G.R-k 22 milioiko irabaziak izan zituen iaz hondakinen inguruko aktibitateengatik. Katalunian ditu negozio gehienak, baina baita Euskal Herrian ere.  Zehazki, hainbat zabortegi berezi ditu eta hondakinen bilketaz eta garraioaz ere arduratzen da. Cespa, Ferrovial talde erraldoiak kontrolatzen du ehuneko ehunean. Zein daude Ferrovialen atzean? Besteak beste, bertako lehendakariorde da Santiago Bergareche, enpresa gizon bilbotar ezaguna, Cepsa petrolerako lehendakaria ere badena eta… Vocento taldeko Administrazio kontseiluko kidea. Ergo: Zubietako erraustegiko eskoriekin negozioa egingo duen enpresaren jabeak  Diario Vascon ere agintzen du.

Juan Ignacio Escala: Cespatik Administrazio publikora

Beste ari mutur bati ere hel diezaiokegu: Juan Ignacio Escala Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendariarengana garamatzana. Escalak Cespari estuki loturiko hamar urteko ibilbidea du atzean. 1999an, Mutiloako zabortegia birmoldatzeko prozesuan bera ibili zen, Cespa G.R-ren ordezkari; 2004an hitzaldia eman zuen ISRk Bilbon birziklapenaz antolatutako konbentzio batean, hau ere Cespa-ren izenean; 2008an Legazpiko ontzi arinen klasifikazio plantaren gerentea zen Cesparen eskutik; eta 2009ko uztailean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen zuzendari izendatua izan ondoren, Cesparen apoderatu gisa azaltzen zaigu oraindik. Cespa enpresan ardura handiak izan dituen pertsonak gaur egun enpresa horretan segitzen duenentz ez da ageri Interneten. Baina badakigu Cespak etekinak aterako dituela Zubietako eskoriekin…

2010eko apirilaren 29an, erraustegiaren proiektuak ingurumen baimena jaso zuen. El País-en arabera, Hondakinen Partzuergoak Jaurlaritzan egindako “kontsulten” emaitza izan zen hura. Non “galdetu” zuten Carlos Ormazabal eta enparauek? Ingurumen Kalitatearen zuzendaritzan. Imajina dezakegu Juan Ignacio Escalak nola errezibitu zituen.

Horra trinomioa osaturik: mass media, administrazio publikoa eta enpresa pribatua.

Erraustegiarekin zabortegien garaia amaituko dela esan dute ponpa handiz, baina Mutiloako Lurpera 60.000 tona eskoria eramango dituzte urtero Zubietatik, eta kamioiak ibiliko dira egunero joan etorrian horretarako –Ormaiztegiko herrigunetik du sarrera zabortegiak, Google Earth-eko irudian ikus daitekeenez–. Eskoriak kutsagarriak dira oso, metal astunak izaten dituzte eta erraustegien parriletan geratutako gai toxikoak ere bai. Jakin nahiko nuke zer iritzi duten mutiloarrek, ormaiztegiarrek eta Gipuzkoako goierritarrek, honetaz guztiaz.