Hernaniarrak pozik %80a birziklatzen dutelako
urtarrila 19, 2011 Utzi iruzkina
Asko hitz egin da Hernaniko atez atekoari buruz. Hernaniarrei buruz ere asko idatzi da. Asko eta gaizki. Propaganda gogorra egin da herritarrak atez atekoaren aurka jartzeko. Baina, hara, hernaniarrek hitz egin dute orain. Aztiker enpresak egin du inkesta, Diputazioari inkestak egiten dizkion enpresa berak. Eta ikerketa zabala egin ondoren ondorio batera iritsi dira: hernaniarrei orokorrean atez atekoa gustatu egin zaie. Gustora daude. Gustora egiten dute. Zalantzak zituztenek orain zalantzarik ez dute. Probatu dute. Lasaitu dira. Hobeto sentitzen dira. Badakite orain %80a birziklatzen dutela eta badakite Zubietako errauskailua ez egiteko bidea ireki dutela. Ez da altxor txikia norberaren kontzientziarentzat.
Denak ez daude atez atekoarekin gustora. Baina zertan gaude denak ados herri honetan? Edukiontzien sistemarekin adibidez gu ere ez gaude gustora Zarautzen. Eta errauskailuaren proiektuak badakigu jendearen gehiengo zabala aurka daukala Gipuzkoa osoan. Gainera, atez atekoaren kontra idazten diren gauza guztiekin, normala ere bada sektore batek irakurketa politikoa egitea eta kontra jartzea, gai soziala dena ikuspuntu politikotik irakurtzen duelako. Inkestak hori ere erakusten du eta ez dago zertan ezkutatu edo horregatik lotsatu beharrik. Baina, horrek ez diolako itzalik egiten atez atekoaren indarrari.
Izan ere, inkestak erakusten duenez atez atekoa sagardotegira joatea bezala da, probatzen dutenei gustatu egiten zaie.