Pello Zubiriaren hitzaldia

Ez da oharkabean pasatzen ari. Pello Zubiria bada norbait Euskal Herrian eta zer esanik ez hondakinen kudeaketa gaian, eta igarri egiten da. Kazetariak deika ditugu elkarrizketa egin nahi diotela-eta, ARGIAkoak hitzaldia bideoz grabatuko dute interneten jartzeko eta Arraio Irratikoak ere, beti bezain atento, saioa zuzenean aireratuko dute. Bikain. Astintzen ari gara, eztabaida irekitzen. Begira HITZAren elkarrizketa eta Diario Vascoren deia. Merezi duen eztabaida da-eta: noren ardura da birziklatzea? Herritarrona bada, ezin borondatezkoa izan, %30eko muga ez baita gainditzen.

Hitzaldia Antonianotan izango da, arratsaldeko 19:30etan, ostegunean. Aurreko hitzaldian 60 lagun hurbildu ziren Peio Lozano entzutera. Susmoa dugu oraingoan are jende gehiago sartuko dela Antonianoko aretora. Ea asmatzen dugun.