Pello Zubiriaren hitzaldia

Ez da oharkabean pasatzen ari. Pello Zubiria bada norbait Euskal Herrian eta zer esanik ez hondakinen kudeaketa gaian, eta igarri egiten da. Kazetariak deika ditugu elkarrizketa egin nahi diotela-eta, ARGIAkoak hitzaldia bideoz grabatuko dute interneten jartzeko eta Arraio Irratikoak ere, beti bezain atento, saioa zuzenean aireratuko dute. Bikain. Astintzen ari gara, eztabaida irekitzen. Begira HITZAren elkarrizketa eta Diario Vascoren deia. Merezi duen eztabaida da-eta: noren ardura da birziklatzea? Herritarrona bada, ezin borondatezkoa izan, %30eko muga ez baita gainditzen.

Hitzaldia Antonianotan izango da, arratsaldeko 19:30etan, ostegunean. Aurreko hitzaldian 60 lagun hurbildu ziren Peio Lozano entzutera. Susmoa dugu oraingoan are jende gehiago sartuko dela Antonianoko aretora. Ea asmatzen dugun.

Herritarron erantzukizuna eta supiztaileen gezurrak

Kontxi Aldanondo, Hernanin Zero Zabor taldeko kideak, Berrian argitaratutako gutuna.

Gipuzkoan milaka familiak lagatzen dituzte azken denboretan etxeko hondakin organikoak kaleetan, horretarako ipinitako edukiontzietan; bosgarren edukiontzia zabaldu ahala, gero eta familia gehiagok egingo dute. Horretarako beren etxeetan hondakinak bereizten dituztenek (papera eta kartoia, organikoa, plastiko eta ontzi arinak, beirakiak… eta azkenik errefusa) erakusten dute ohitura aldaketa txiki batekin asko hurbiltzen garela «Zero Zabor» helburura. Gauza bera esan dezakegu etxeetan konposta egiten duten milaka familiez.

Bosgarren edukiontziarekin konprometitu diren familiok eta autokonposta egiten dutenak, denak borondatez ari dira eta gure txaloa merezi dute. Azken finean, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo herritarrok egiten duguna berdin egiten dute haiek ere: hondakinen bilketa bereizia. Hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzeko borrokan, guztiok elkarrekin ari gara lubaki berean.

Baina, gainera, bosgarren edukiontziarekin ari diren familiek meritu handiagoa daukate; zeren eta beren inguruan familien lautatik hiruk paso egiten baitiote bilketa selektiboari, Gipuzkoako agintariek erabaki dutelako hori borondatezkoa izatea. Hor dago koska, hain zuzen. Post hau irakurtzen jarraitu