Musika Plaza atzo, beteta, flashmoba dantzatzen

Flashmobaren entsegua egin genuen atzo Barren plazan eta Musika plazan eta bietan sekulako giroa jarri genuen. Hemen daukazue bideo hau, kalitate kaxkarrekoa, baina atzo bizitako une eder horiek jasotzen dituena. Herri guztietan koreografia zenbat lagun ari diren ikasten ikusita, itxaropena hazten ari zaigu. Martxoaren 20an Zubietan mundu oso bat elkartuko gara, ‘hartu nahi dut arnas’ dantzatzera.

Larunbatean 19:00tan Barren Plazan entsegua

Iñauteri egunean kolorez beteko dugu Barren Plaza, FLASHMOB dantzaren entsegua egingo baitugu 19:00tatik 20:00tara.

Aste honetan hasi gara herrian kuadranteak betetzen (10 laguneko taldeak) eta horiek guztiek dantza ikasteko aukera daukate larunbat honetan. Azken egunerarte dantza ikasi gabe egon nahi ez dutenek, beraz, larunbat honetan daukate aukera ederra, mozorrotuta edo gabe, umore onean, flashmob saioa egiteko.

Entseguan bertan ere banatuko ditugu kuadranteak. Hortaz lagun kuadrila, edo plaierotako taldea edo…, martxoaren 20an Zubietan dantza egiteko zuen kuadrante propioa izateko aukera daukazue. Ez duzue Fred Astaire izan behar, martxoaren 20an zuen kuadrantea beteta egon dadila konpromisoa hartzeko bakarrik eskatuko zaizue.

Donostian ere hasi dira Flash moba girotzen

Hemen daukazue Donostialdeko HITZAn egin duten erreportajea. Han izan zen Mikel Erguin koreografo zarauztarra ere, eta dantzari zarauztarrak ere ez ziren falta 🙂

Entsegu inprobisatua Alprojaren lokalean

Martxoaren 20a hurbiltzen ari den eran, entseguak han eta hemen biderkatzen ari dira. Inork ez du dantza jakin gabe geratu nahi. Hemen daukazue Mikelek bidali digun bideoa, Alprojako lokalean egin zuten entsegua erakusten duena. Aupa zuek!!