Gure esku dago, berriz ere

Maiatzeko hauteskundeetan erabakiko da gipuzkoarrok datozen 25 urtetan hondakinak erre nahi ditugun edo zero zabor programak martxan jartzea nahiago dugun. Unea aprobetxatu behar dugu. Gure bozka baliatu behar dugu birziklatzearen eta osasunaren alde egiteko. Horregatik, zarauztarrei botua arduraz emateko eskatu nahi diegu.

Hondakinak birziklatzearen aldekoak Zarautzen gehiengoa garela erakutsi behar dugu. Oraingoan, eta unearen garrantziaz jabetzen garelako, Zarautz Zero Zabor taldeko kideok zarauztarroi eskatu nahi dizuegu botua emateko Usurbilgo Ituna sinatu zuten alderdiei: Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Aralar, Ezker Batua.

Foru Aldundian gehiengoa lortuz gero automatikoki Gipuzkoak 180 graduko aldaketa emango luke hondakinen kudeaketan. Eta Foru Aldundian bakarrik ez, Zarauzko Udalean gehiengoa lortzea ere garrantzitsua da, herrietan zero zabor programak martxan jarrita erraustegia jatekorik gabe utziko genukeelako.

Kontrara, ez eman botua erraustegiaren lobby bihurtu diren alderdiei: EAJ, PSE, PP eta HamaikaBat. Alderdi horiek hondakinak erre egin nahi dituzte. Horregatik, ez diegu erakundeetako aulkietan esertzen utzi behar. Ez diegu bozkatu behar.

Errauste-planta geratzea posible da. Erabakia, orain, berriz ere, gure esku dago. Baliatu dezagun gure bozka errauste plantari planto egiteko.

(Berrian atera da gure oharra)