Julia San Jose medikuaren hitzaldia ostegunean

Gaia bolo-bolo dabil kalean. Hementxe 10 kilometro baino gutxiagora errauste planta pozoitsu eta erraldoi bat jarri nahi digute eta jendeak jakin nahi du, nola eragingo digu? Kalterik eragingo dit osasunean? Zer dira dioxinak? Nola funtzionatzen dute? …

Politikari batzuk lasaitu nahian ari zaizkigu. Errauste plantek ez diotela osasunari kalterik egiten esaten dute. Imanol Lasak, adibidez, erraustegiak su artifizialekin konparatu zituen, ez dutela kalterik eragiten esateko. Fidatzen gara? Amiantoak ere ez zuela kalterik eragiten esaten jardun ziren 17 urtez eta begira. Beranduegi denean eta atzera bueltarik ez duenean egia esateak ez du balio. Egia orain jakin behar da, informazio osoa orain behar da, proiektua geratzeko eta alternatibak eraikitzeko moduan eta tamainan gaudenean.

Horregatik, bereziki garrantzitsua da osteguneko hitzaldia. Julia San Josek urteak daramatza erraustegien kalteak aztertzen eta bera medikua izanik, osasunaren ikuspuntutik ikuspegi profesionala eman dezake. Zarauztar guztiak gonbidatzen zaituztegu, ostegun honetan, 19:30tan antonianoko areto nagusian izango den hitzaldira etortzeko. Zarauztarroi Zubietako erraustegiak eragingo lizkiguken kalteen berri jakiteko aukera da. Hitzaldia gazteleraz izango da.

Advertisements