Gizartearen akordio zabalari alderdikeriz erantzun dio Udalak
urtarrila 26, 2011 Utzi iruzkina
Zarautz Zero Zabor taldea alkatearekin eta alkateordearekin bildu ondoren, eta gaur erraustegiaren aldeko mozioa onartuko dutela-eta, gure harridura erakutsi nahi dugu, gai sozial bat modu traketsean politizatzeko saiakera ikusten dugulako.
Azaroan Zarauztarron gehiengo soziala osatzen dugun alderdi, sindikatu eta gizarte eragileek akordio bat sinatu genuen: EA, Ezker Abertzalea, Aralar, Ezker Batua, ELA, LAB, CCOO, Arkamurka, Uztaro, Pagoeta Mendizale elkartea, Greenpeace, Ekologistak Martxan, Gipuzkoa Zero Zabor eta gu geuk. Udalari eskakizun zehatzak egin genizkion:
– Urteta ixtea
– Diputazioari moratoria eskatzea errauste programa 6 urtez gera dezan.
– Herrian Zero Zabor progama bat garatzea, atez atekoa zutabe izango duena.
Akordio horren aurrean Udalak ez zigun erantzunik eman. Horregatik, Udal ordezkariekin biltzea eskatu genuen.
Bilera horietatik ateratzen dugun ondorio nagusiena da H1 eta EAJ alderdiek eztabaida politizatu egin nahi dutela. Guri hori ez zaigu ondo iruditzen. Hondakinen gaia ez da gai politikoa, gai soziala da, guztioi eragiten digulako.
Berdin dio gure ideologia, gure joera politikoa, hitz egiten dugun hizkuntza, erlijioa edo azalaren kolorea. Guztiok sortzen dugu zaborra eta errauste-planta martxan jartzen bada ke toxikoak guztiak modu berean kutsatuko gaitu. Post hau irakurtzen jarraitu