Usurbilgo Ituna
urria 14, 2010 Utzi iruzkina
Hondakinen kudeaketa ereduaren norabidea une itxaropentsuan dago Gipuzkoan, Usurbilgo atez ateko bilketak bide berria zabaldu duelako, besteak beste. Eztabaida soziala eta instituzionala ere oraintxe gorpuztu dira. Horregatik, itun hau sinatzen dugun eragile sozial eta polititikoek honako hau adierazi nahi diegu gipuzkoarrei:
- Gipuzkoarron osasuna da lehenesten dugun irizpidea gaiaren aterabidea zedarritzeko, beste edozein irizpideren gainetik. Osasuna lehenesteak, ordea, ez du esan nahi gainerako irizpideak kontutan hartzen ez ditugunik, hala nola, ingurumena, ekonomia, laspotuak…
- Bat egiten dugu zabortegiak gainditzeko konpromisoan, legeek eta zuzentarauek ondo jasotzen duten bezala.
- Bat egiten dugu errausketa gure asmo eta ekinbideetatik baztertzeko, eta hondakinen kudeaketa beste balore, tekonologia eta prozedura batzuen bidez bideratzeko.
- Bat egiten dugu Gipuzkoa osorako “zero zabor” programa zabala ezarri eta garatzeko beharrean. Gipuzkoarako «zero zabor» programak modu egokian eta nahikoan konbinatu beharko ditu bilketa selektibo onena eta konpostajea, bi alderdi hauek osatzen baitute hondakinen arazoa konpontzeko soluziobideen ardatza. Horrek esan nahi du konpostaje-azpiegitura egokia antolatu behar dela.
- Zentzu horretan, ontzat jotzen ditugu organikoa ahalik eta gehien jasotzen duten sistemak, nabarmenduz Usurbilgo herrian ezarri den atez ateko sistema lau arrazoi nagusi hauengatik:
- Sistemarik eraginkorrena da: bilketa selektiboa %85era iristen da, eta inpropioen kopurua marginala da. Ondorioz, konpostaren kalitatea ere ezinhobea da.
- Emaitzak berehalakoak dira: Usurbil %76ra iritsi zen lehenengo 4 asteetan. – Hondakinen gaikako bilketa-sistema merkeena da.
- Lanpostuak sortzen ditu. Gipuzkoan 477 lanpostu berri sortuko lituzke, egungo lanpostuez gain.
Ondorioz, Gipuzkoako Diputazioari eskatzen diogu 6 urteko geldialdia ezar diezaiola Zubietako errauste plantari. 6 urte horietan “zero waste” programa ezarri beharko luke, herri bakoitzera egokitutako gaikako bilketarako sistemarik onena eta konpostajea konbinatuta. 6 urte denbora-tarte nahikoa da hondakinak errausketarik gabe kudeatzeko gai ote garen ebaluatzeko.
Eskatzen diogu, era berean, baliatu dezala aukera hau Gipuzkoa berrikuntzaren bidean tematzeko, orain arte bezala aitzindari izan dadin. Ez dago gipuzkoarron kemena eta eskuzabaltasuna ordezkatuko duen teknologiarik, are gutxiago haien osasuna kaltetzen badu. 6 urteko geldialdia besterik ze dugu eskatzen. Eman diezaiogun aukera bat Gipuzkoari.
Donostian, 2010eko martxoaren 12an
SINATZAILEAK
Alternatiba. Duñike Arrizabalaga
Ezker abertzalea. Iñaki Errazkin
Ezker Batua. Antton Karrera
Berdeak. Alberto Lejardi
Aralar. Rebeka Ubera
Hiru. Esteban Muruamendiaraz
LAB. Urtzi Ostolozaga
CCOO. Jesus Uzkudun
ELA. Ainhara Plazaola
EHNE. Eneritz Otamendi
EILAS. Kamino Sainz
ESK. Kepa Olaiz
Eguzki. Arantza de Ocio
Greenpeace. Igor Gorriño
Ekologistak Martxan. Pilar Barquin
Errausketaren Aurkako Koordinadora. Maria Luisa Sanchez
Usurbilgo alkatea. Xabier Mikel Errekondo