FLISH MOB ZUMAIAN

Zero Zabor Zumaian

Talde berria eratu da eskualdean, Zero Zabor Zumaian. Gero eta gehiago gara hondakinen gaiarekin arduratuta gaudenak eta horren inguruan lan egiteko antolatzen ari garenak. Berri pozgarria da Zumaiako taldearen sorrera eta Zarauztik ongietorria ematen diegu. Elkarlan luzea izan dezagula.

Herriko hiri hondakinen kudeaketa kaxkarra aztertu ondoren, irtenbideak proposatzeko lantalde ireki bat osatu dugu hainbat herritarrek. Asmo honekin, astean behin elkartzen gara gai honetaz sakontzeko eta Zumaian Zero Zabor programa bat ezartzeko eskaera bideratzeko.

Laster agerpen publikoa ere egingo dugu eta, bitartean, gure helburuekin bat bazaudete, ateak irekita dituzue ostiralero, arratsaldeko 17,30ean.

Gure helburuak

Bertako herritarrak inplikatuz, Zumaian sortzen ditugun hondakinen arazoari aurre egin nahi diogu. Bidean, Zumaian hondakinen arazoa zertan datzan jakitera ematen saiatuko gara, herri mailan auzi honen inguruko kontzientzia zabalduz.

Bestalde, errauste plantaren aurkako jarrera indartu nahi dugu, hondakinen kudeaketan beste balore, teknologia eta prozedura batzuk posibleak direla defendatzen baitugu. Horregatik, Zubietako errauste plantari 6 urteko luzamendua ezartzeko eskaera egiten diogu GFA-ri.

Luzamendua bukatu bitartean, Zumaiako eta Gipuzkoa osorako “zero zabor” programa zabala ezarri eta garatzekoaren alde gaude. Programa honen oinarriak murrizketa, zenbait material errefusatzea, berrerabilpena eta birziklapena izango lirateke. Azken finean, egungo sistema linearra zirkularra bihurtzeko, ahalik eta hondakin gehien jasotzen duten bilketa sistemak proposatzen ditugu. Ildo honetatik, materia organikoaren konpostajearen alde ekingo dugu.

Gure helbideak

Gurekin harremanetan jartzeko: zerozaborzumaian@gmail.com

Bloga ere ireki dugu: zerozaborzumaian.wordpress.com