atez atekoa, hondakinak eta zaborra (mediatikoa, noski!!)

Atez atekoa hamar gezur handienen rankinga

Urko Apaolaza

Atez ate

Andoni Egaña

Ez dizut irekiko gau ilunean aterik» dio gure abesti zahar ezagun batek. «Etzuela nahi, etzuela nahi, atean atzean etzuela nahi… ganbaran bai!» beste batek. Udaberrian abiatu eta «atea kax kax jo nion baina» nola ez zuten erantzuten ere ikasi genuen. Jose Inazio Ansorenak jarri gintuen arrastoan: euskal kantutegi tradizionalean ateak berebiziko sexu-sinbologia zuen.

Esanahi jolasti hartatik gutxi du orain ateak. Pare bat urte pasatxo dira lehenengoz entzun genuela: atez ateko zabor bilketa. Orduan berria zitzaigun jarduera eta ezezaguna esamoldea. Gauzak ederki aldatu dira denbora gutxian! Joandako asteetan ez da besterik entzun eta irakurri, Gipuzkoa aldean behintzat.

Ezer gutxi dakit nik datu zehatzei buruz eta ez noa, jakina, zifra eta horrelakoetan katigatzera. Ez dakit behar bezainbat osaturiko iritzirik ere badudan, baina uste eta susmoak baditut, eta oroitzapenak, eta ez noa horiek gordetzera.

Lehenik eta behin, zabor-bilketari buruzko eztabaida honetatik denok irtengo garela irabazle iruditzen zait. Joandako urteetan zer egiten ari ginen pentsatu ere ez egitetik gure aurrean ze arazo daukagun begi bistan jartzera iritsi gara. Ez da gutxi. Konponbiderik jarri ezean geuk sortzen dugunak ito behar gaituela jabetu gara. Sinistu nahi dut administraziotik eman den urrats txiki bakoitzak —beirarentzat kontainer berdeak jarri edo bosgarrena ipini organikoentzat giltza eta guzti—, nahiz arazoa bere gordinean konpondu ez, izan duela gugan hoberako eragina. Zerbait egin beharra dagoela eta norberak bere aldetik ahalegin handiegirik egin gabe zerbait hori egiten ez dela hain zaila erakutsi digu.

Hortik aurrera, atez atekoaren gaiak hartu duen durundia bera da aski harrigarri. Kudeaketa eremukoa behar lukeen kontu bat politikako gudu-zelai bihurtu da, nor tematuago, «besteen» ekimena eta ideia delako, bere horretan txartzat jotzeraino. Giza izakerari buruzko ikuspegirik etsiena nagusitzen zait jarrera horiek sumatzean, eta gai potoloei buruz hizketan hasi eta Anjel Mari Peñagarikanori inoiz entzun izan diodana burura etortzen: «Ederrak gaudek gu zenbait gaitan ados jartzeko! Ez diat ezagutzen etxepe bakar bat ere, igogailua jarri behar eta auzoen arteko xextrarik sortu gabekorik!». Atez atekoaren eztabaidak, gugan legokeen onena ateratzeaz gain —inguruarekiko kezka eta datozen belaunaldiekiko ardura—, gugan dagoen txarrena ateratzeko ere balio izan du: probintziakeria hauspotu da Gipuzkoako zaborrak aldi batean Bizkai aldera eramaten direlako. Gezurrak asmatu dira eta hiri-leienda bilakatu «zabor-turismo» delako horren inguruan. Parte-hartzailetzaren kontzeptua bakoitzak bere erara eta neurrietara moldatu du…

Gudu-zelai politikokoa ez lukeela behar gai honek idatzi dut lehen. Baina horrek ez du esan nahi gai politikoa ez denik. Politika, elkarbizitza modu batera edo bestera antolatzearen jarduera da, eta politikarien lana, modu horietako batzuk hobetsi, dagozkien erabakiak hartu eta ahalbidetzea. Agintariak badu, behar bezala hautatua izan denean, betebehar eta eskubide hori. Gero hiritarrek emango dute epaia.

Zirt edo zart egitea baino hobe da, ordea, betiere konbentzimenduaren bidea. Eta zaborren gai gaiztotu honek hainbesteko xalamatika sortu badu, pentsa zenbatekoa sortuko lukeen, esaterako, trafiko handiegia dugula, errepide gehitxo behar ditugula, kutsadura gero eta jasangaitzagoa dela eta… aginte guneren batek familiako edo pertsonako auto bakar bat izatera behartuko bagintu. Erresistentziak atez atekoak sortutakoak baino askoz ere handiagoak lirateke. Beti izaten baita berriaren aurrean atzera egiteko joera duenik. Eta atez atekoa abian jarri behar den herrietan joera horiek berdintzera jo behar litzateke. Berriaren aurrean ikaraturik probatzeko baino muzin egiteko prestuago azaltzen denari ez da komeni datuak, zifrak, konpostak eta errefusak aipatzerik. Aski litzateke «txerri-janarena» gogora ekartzea. Kale-etxetik kale-baserrira garraiatzen zen baldeka lurruntsu hura ez zen aprobetxamenduaren eta birziklatzearen aurrendari logikoa baino. Kalean bizitzen jarri zenak bere hondakinekin zer eta nola egin asmatzen zuen; eta artean kale-baserrian bizi zenak bazekien hondakin haiek eskertu eta erabiltzen. Oraingoak baino gauza zailagoak eginak gara.

Honi buruz zarautz0zabor
Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzen dugu. Reducir, Reciclar, Reutilizar.

Utzi iruzkina