Zero zabor helbururantz… atez atekoa

Zaborren arazo larriari irtenbide ausart eta eraginkorrak eman beharraz guztiok jabetu garen honetan, azken egunotan bi albiste pozgarri jaso ditugu Zarautzen.

Alde batetik, Zarauzko udal batzarrak maiatzaren 30ean, Bildu eta Aralar-Ezker Anitza udal taldeen aldeko botoekin, hondakinen kudeaketa politikari buruz hartutako erabakia aurrerapauso garrantzitsua izan da. Borondatezko birziklapenean oinarritu den orain arteko kudeaketa kaskarrari ateak itxi eta Usurbilgo itunaren bide orritik abiatuta zero zabor helbururantz gutxienez %70eko birziklapena ziurtatuko duen bilketa sistema ezartzeko asmoa pozez hartu dugu. Zentzu horretan, ahalik eta bilketa sistema eraginkorrena ezartzeko xedez, udazkenetik aurrera parte-hartze prozesu irekia abian jartzeko asmoa ere txalogarria da.

Eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren 6an egungo kudeaketa eredua irauliko duen plangintza aurkeztu zuen. Aurreko agintaldian inposatu nahi ziguten errauste planta toxiko eta zentzugabeari ateak itxi eta egungo zabortegi gris eta kutsakorrei iraungitze-data 2014an jartzeak Zarautzi, Gipuzkoa osoari, aire garbia eta ortzadar kolorea ekarriko dio. Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko gaikako bilketa eraginkorra bultzatzea eta azpiegitura sare deszentralizatua eraikitzeko asmoa hondakinen birziklapenari bai esaten diogun gipuzkoar guztiontzat albiste pozgarria da, zalantzarik gabe. Azken batean, guztiona den zaborraren arazoari guztion konpromisoa eta ardurarekin erantzun behar baitiogu.

Hala ere, gure poztasuna gazi-gozoa da, ez da erabatekoa izan. Izan ere, Gipuzkoan bertan Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan ezarri den atez ateko sistemak aski frogatu baitu, orain oraingoz, ekonomikoki merkeagoa dela, ingurumenarentzat jasangarriagoa eta osasunari kalterik eragiten ez dion sistema, hain zuzen ere. Horrez gain, gaikako bilketa sistema eraginkorrena dela ere erakutsi digu, %80tik gorako birziklatze-tasa aise eta berehala lortzen baitu. Zentzu horretan Bartzelonako kostaldeko Canet de Mar herri turistikoko ingurumen teknikariak Zumaian berriki egindako aurkezpenean esandako hitzak geure egiten ditugu: ‘ez izan beldurrik, ez ibili erdizka eta zalantzati, gauzak ondo egiteko onena atez atekoa zuzenean jartzea da’ (2005. urtetik atez ate biltzen dute, gobernuko nahiz oposizioko talde guztien babesarekin: CIU, PSC, PP, ERC,…).

Zarautzen, aldiz, oposizioan dauden EAJ, PSE eta PP-ko ordezkariak proposamenaren aurka azaldu ziren udal batzarrean. Izan ere, alderdi horiek temati jarraitzen dute Europan laster iraganeko kontu bihurtuko diren erraustegi zentzugabeen alde eta, ondorioz, eskoria eta errauts toxikoak gorde behar dituzten zabortegi toxikoen alde. Aire zikina, porlana eta errautsez osatutako mundu grisa eskaintzen digute. Konpromisoa eta arduraren ordez kutsatzeko eskubidearen ideia patologikoa defendatuz, zaborraren arazoa ezkutatu nahian betikotu egiten dute.

Bestalde, ekainaren 8an komunikabideen bidez jakin dugu Zarautzen bilketa-sistemaren esperientzia pilotu bat martxan jarriko omen duela Udalak. Sistema hori, dirudienez, oraingo edukiontzietan oinarritzen da eta ‘atez atekoaren antzeko emaitzak lortuko lituzke’. Ez ditugu ezagutzen sistema berriaren xehetasunak baina, gure ustez, sistema pilotuak besterik gabe ezarri aurretik, maiatzeko Udal batzarrean erabakitakoaren haritik, oro har hiri hondakinen kudeaketari eta, bereziki, bilketa-sistemari buruzko parte hartze prozesu irekia abian jarri beharko litzateke. Prozesu horren baitan aukera edo sistema desberdinak mahai gainean ipini eta eztabaidatuko genituzke, %70etik gorako birziklapena ziurtatzen duen sistema egokiena aukeraketzeko, beti ere. Zarauzko Zero Zabor taldeak kezkaz hartu du albiste hori, baina ziur gaude denon ardura eta konpromisoarekin Zarautz zero zabor helburua gero eta gertuago izango dugula, aire garbiak bira gaitzan. Azkenik, udal batzarrean adierazi genuena errepikatuz, gaur gaurkoz, guk garbi daukagu bilketa eredu eraginkorrena zein den: atez atekoa.

Honi buruz zarautz0zabor
Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzen dugu. Reducir, Reciclar, Reutilizar.

Utzi iruzkina