ZERO ZABOR, POSIBLE AL DA ATEZ ATEKORIK GABE?

ZERO ZABOR, POSIBLE AL DA ATEZ ATEKORIK GABE?

Azken boladan hiri-hondakinen arazoaren gaia desitxuratu eta sinplifikatu egin da. Ondorioz, informazio falta handia dago, funtsik gabeko zurrumurruak eta usteak zabaldu bait dira herritarren artean.

Hori guztia argitzeko ZZZ taldeak egitasmo berria abian jarriko du Zarautzen. Datozen asteetan hondakinen kudeaketaren inguruko aurkezpen sorta burutuko du auzoz auzo, izenburu honekin: “Zero zabor, posible al da atez atekorik gabe?”

HIRI HONDAKINEN ARAZOA
Diagnostikoan denok bat gatoz, hiri hondakinen arazoa larria da, ingurumen krisi jasanezina daukagu: hondakin asko sortu eta nahastuta botatzen ditugulako zabortegiak gainezka daude, natur baliabideak edo lehengaiak agortzen ari dira, kutsaduraren eraginez gure osasuna kaltetu eta ingurumena arrisku bizian jarri dugu,…

ARAZOAREN JATORRIA
Lehengaien neurrigabeko ustiapenak, kontsumo eredu konpultsiboak eta hondakinen kudeaketaren egungo eredu linealak (ekoiztu-kontsumitu-bota) eraman gaitu amildegiaren ertzera.

KONPONBIDEAREN BEHARRA
Arazoa ezin dugu ezkutatu edo betikotu (erraustegia bezalako sasi-konponbideen bidez): denbora amaitzen ari denez, konponbideak, iraunkorra izateko, berehalakoa eta eraginkorra izan behar du.

KONPONBIDEAREN GILTZARRIA
Gakoa: guztion kontzientziazioa, konpromisoa eta ardura (herritarrak, eragileak, administrazioa). Udalek eta mankomunitateek erabaki egokiak, ausarteak hartuz eta herritarrok gure eguneroko ohitura sinple batzuk aldatuz arazoaren konponbidea norabide egokian jarriko dugu.

Herritar guztiok arazoaren eragile garenez (denok sortzen ditugu hondakinak), konponbiderako agente nagusia ere herritarrak izan behar du, konponbidea guztion ardura baita. Beraz, zarauztar guztion konpromisoa ezinbestekoa da konponbide eraginkorra lortzeko. Herritar askoren jarrera eredugarria ez da nahikoa: kontsumo arduratsua, berrerabilpena, birziklapena eta hondakinen murrizketa guztion betebeharra da. Birziklatzea ezin da borondatezko ekintza izan, edo hobeto esanda: kutsatzeko eskubiderik ez dago.

KONPONBIDEA: ZERO ZABOR PROGRAMA
Pertsonen osasuna kaltetu gabe, ingurumena zaindu eta ekonomikoki merkeago izango den eredua behar dugu: ekoizpen eta kontsumo eredu zirkularrean oinarritzen den zero zabor politika. Hori lortzeko bitartekoak: gure egunerokotasunean hiri hondakinen murrizketa (ekoizpen eta kontsumo arduratsua, berrerabilpena, autokonposta), birziklapena (sortzen ditugun hondakinen %90 birziklagarria da), eta gaika biltzeko sistema eraginkorra.

Zarautz Zero Zabor, 2012-11-14

Ez bozkatu erraustegiaren alde

20121010-095714.jpg

Gaur egungo hondakinen kudeaketa eredua [lineala: ekoiztu / kontsumitu / bota] arazo larria bihurtu da: osasunarentzat kaltegar- ria izateaz gain, oso garestia eta ingurumenarentzat jasanezina da. Eredu jasangarria eta kalterik eragiten ez duena behar dugu.

Konponbidea ekarriko duen eredu aldaketa gauzatzeko guztion kontzientziazioa, konpromisoa eta ardura ezinbestekoa da: herritar- rak, eragileak, administrazioa.

Usurbilgo itunari atxikiz, “zero zabor” programa da kudeaketa eredu eraginkorrena [zirkularra]: hondakinak murriztu, berrerabili, gaika bildu eta berzikaltu edo konpostatu [biohondakinak]. Osasuna kaltetu gabe, ingurumena zainduz eta ekonomia suspertuz.

Beraz,

> Guk sortutako arazoaren konponbidea gure esku dagoelako

> Urtetako zabortegi kutsakorra 2014an itxi egin behar delako

> Kutsatzeko eskubidean oinarritzen den borondatezko birziklap- enaren ordez, gaikako bilketa guztion betebeharra delako

> Gaur gaurkoz, %75etik gorako gaikako bilketa ziurtatzen duen sistema bakarra atez atekoa delako

> Kudeaketa ziklo osoa kontuan harturik, atez atekoa merkeagoa delako eta lanpostu gehiago sortzen dituelako

> Osasunaren eta ingurumenaren eragin kaltegarriak dituen errauste planta toxiko, garesti eta zentzugabeari ateak itxi behar zaizkiolako

> Aire zikina, porlana eta errautsez osatutako mundu grisari muzin egiten diogulako

Ez eman zure babesik erraustegiaren alde daudenei.

Urriaren 21etik aurrera eratuko den EAE-ko gobernu berriak zero zabor helburua bultza dezan gure esku dago.

Zero zabor helbururantz… atez atekoa

Zaborren arazo larriari irtenbide ausart eta eraginkorrak eman beharraz guztiok jabetu garen honetan, azken egunotan bi albiste pozgarri jaso ditugu Zarautzen.

Alde batetik, Zarauzko udal batzarrak maiatzaren 30ean, Bildu eta Aralar-Ezker Anitza udal taldeen aldeko botoekin, hondakinen kudeaketa politikari buruz hartutako erabakia aurrerapauso garrantzitsua izan da. Borondatezko birziklapenean oinarritu den orain arteko kudeaketa kaskarrari ateak itxi eta Usurbilgo itunaren bide orritik abiatuta zero zabor helbururantz gutxienez %70eko birziklapena ziurtatuko duen bilketa sistema ezartzeko asmoa pozez hartu dugu. Zentzu horretan, ahalik eta bilketa sistema eraginkorrena ezartzeko xedez, udazkenetik aurrera parte-hartze prozesu irekia abian jartzeko asmoa ere txalogarria da.

Eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainaren 6an egungo kudeaketa eredua irauliko duen plangintza aurkeztu zuen. Aurreko agintaldian inposatu nahi ziguten errauste planta toxiko eta zentzugabeari ateak itxi eta egungo zabortegi gris eta kutsakorrei iraungitze-data 2014an jartzeak Zarautzi, Gipuzkoa osoari, aire garbia eta ortzadar kolorea ekarriko dio. Gipuzkoa zero zabor lurraldea bihurtzeko gaikako bilketa eraginkorra bultzatzea eta azpiegitura sare deszentralizatua eraikitzeko asmoa hondakinen birziklapenari bai esaten diogun gipuzkoar guztiontzat albiste pozgarria da, zalantzarik gabe. Azken batean, guztiona den zaborraren arazoari guztion konpromisoa eta ardurarekin erantzun behar baitiogu.

Hala ere, gure poztasuna gazi-gozoa da, ez da erabatekoa izan. Izan ere, Gipuzkoan bertan Usurbilen, Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan ezarri den atez ateko sistemak aski frogatu baitu, orain oraingoz, ekonomikoki merkeagoa dela, ingurumenarentzat jasangarriagoa eta osasunari kalterik eragiten ez dion sistema, hain zuzen ere. Horrez gain, gaikako bilketa sistema eraginkorrena dela ere erakutsi digu, %80tik gorako birziklatze-tasa aise eta berehala lortzen baitu. Zentzu horretan Bartzelonako kostaldeko Canet de Mar herri turistikoko ingurumen teknikariak Zumaian berriki egindako aurkezpenean esandako hitzak geure egiten ditugu: ‘ez izan beldurrik, ez ibili erdizka eta zalantzati, gauzak ondo egiteko onena atez atekoa zuzenean jartzea da’ (2005. urtetik atez ate biltzen dute, gobernuko nahiz oposizioko talde guztien babesarekin: CIU, PSC, PP, ERC,…).

Zarautzen, aldiz, oposizioan dauden EAJ, PSE eta PP-ko ordezkariak proposamenaren aurka azaldu ziren udal batzarrean. Izan ere, alderdi horiek temati jarraitzen dute Europan laster iraganeko kontu bihurtuko diren erraustegi zentzugabeen alde eta, ondorioz, eskoria eta errauts toxikoak gorde behar dituzten zabortegi toxikoen alde. Aire zikina, porlana eta errautsez osatutako mundu grisa eskaintzen digute. Konpromisoa eta arduraren ordez kutsatzeko eskubidearen ideia patologikoa defendatuz, zaborraren arazoa ezkutatu nahian betikotu egiten dute.

Bestalde, ekainaren 8an komunikabideen bidez jakin dugu Zarautzen bilketa-sistemaren esperientzia pilotu bat martxan jarriko omen duela Udalak. Sistema hori, dirudienez, oraingo edukiontzietan oinarritzen da eta ‘atez atekoaren antzeko emaitzak lortuko lituzke’. Ez ditugu ezagutzen sistema berriaren xehetasunak baina, gure ustez, sistema pilotuak besterik gabe ezarri aurretik, maiatzeko Udal batzarrean erabakitakoaren haritik, oro har hiri hondakinen kudeaketari eta, bereziki, bilketa-sistemari buruzko parte hartze prozesu irekia abian jarri beharko litzateke. Prozesu horren baitan aukera edo sistema desberdinak mahai gainean ipini eta eztabaidatuko genituzke, %70etik gorako birziklapena ziurtatzen duen sistema egokiena aukeraketzeko, beti ere. Zarauzko Zero Zabor taldeak kezkaz hartu du albiste hori, baina ziur gaude denon ardura eta konpromisoarekin Zarautz zero zabor helburua gero eta gertuago izango dugula, aire garbiak bira gaitzan. Azkenik, udal batzarrean adierazi genuena errepikatuz, gaur gaurkoz, guk garbi daukagu bilketa eredu eraginkorrena zein den: atez atekoa.

ERRAUSKETARI ATEAK IXTEN

Asteazken honetan, ekainak 13, arratsaldeko 7tan bideo emanaldi bat antolatu dugu Gaztelekuan: ERRAUSKETARI ATEAK IXTEN

Image

Bertan, igandeko MOSAIKO ERRALDOIArako kartulinak eskuratzeko aukera izango da

Image

AZALDU eta ZABALDU

Herriko eragileen atxekimenduak

Maiatzak 26an, larunbatean, herriko eragile eta norbanako batzuekin prentsaurreko bat eman genuen Usurbilgo itunari haien atxekimendua adierazteko. Hau da irakurri genuen idatzia:

 

Usurbilgo Itunari Atxikimendua Zabaltzen

          2010eko azaroan, Zarauzko eragile desberdinek bat egin zuten Usurbilgo itunarekin. Bertan, hondakinen gestio eredua aldatzeko eskatzearekin batera ondorengo puntuak aipatzen ziren:

 

  • Hondakinen gestio eredua aukeratzeko orduan, osasuna lehenetsiko da, ingurumen eta ekonomi faktoreak kontuan hartuko direlarik. Urtetako zabortegiari dagokionean, lege eta zuzentarauetan adierazia dagoen bezala, zabortegiaren itxiera aldarrikatuko da.
  • Osasun, ingurumen eta ekonomi arrazoiengatik, erraustegiaren aukera baztertu egiten da eta hondakinen gestioaren inguruan, hondakin gutxiago sortzea, berrerabilpena eta birziklatzea bezalako balioak eta kontzeptuak landuko dira.
  • Bide honetatik, Zarautzen bezala Gipuzkoako herri denetan “zero zabor” programa ezarri eta hau garatzea bultzatuko da. “Zero zabor” programak, hondakin gutxiago sortzea, berrerabilpena, hondakinen gaikako bilketa eta konpostatzea sustatu eta bultzatuko ditu. Arestian aipaturiko irizpideekin (osasuna, ingurumena eta ekonomia) bat egiten duen eredua litzateke.
  • Hondakinen gaikako bilketarekin estuki lotuta, Usurbilgo Atez Ateko bilketa sistema begi onez ikusten da, besteak beste eraginkorra delako, emaitzak berehalakoak direlako eta lanpostuak sortzen dituelako.

 

         Horiek kontuan hartuta, hondakinen inguruan eskumenak dituzten erakundeei Zubietako erraustegiaren proiektua sei urtez bertan behera uzteko eskatzen zitzaien. Bitarte horretan, Gipuzkoan zero zabor programak ezarri eta erraustegia beharrezko ez dela erakutsiko litzateke.

 

         Eskaera hau neurri batean lortu da, erraustegiaren proiektua momentuz gelditzea. Orain, zero zabor programak ezartzeko bidean eman behar dira urratsak. Idatzi hau sinatzen dugun eragile eta norbanakook, Zarauzko Udalari bide hau lantzeko eskatzen diogu, herrian Atez Ateko bilketa sistema ezartzeko egin beharrekoak eginez.

 

2010eko azaroaren 5ean sinatu zuten eragileak:

 

  • ELA
  • LAB
  • EZKER ABERTZALEA
  • EZKER BATUA
  • EA
  • PAGOETA ME
  • ARKAMURKA NE
  • UZTARO
  • GREEN PEACE GIPUZKOA
  • EKOLOGISTAK MARTXAN
  • ZARAUTZ ZERO ZABOR
  • GIPUZKOA ZERO ZABOR

Image

 

EKAINAK 17 MOSAIKO ERRALDOIA

Datorren ekainak 17rako Donostiako Sagües auzoan ekimen koloretsu bat antolatu du Gipuzkoa Zero Zabor taldeak. Mosiko erraldoi bat osatuko da eta Zarauztarrok han izango gara. Datozen egunetan mosaikoa osatzeko kartulinak banatuko ditugu, beraz ez egin planik egun horretarako eta lagunak jakinaren gainean jarri. Image

Zabortegiko “mileuristak”

Image

Hemen aurkezten dizuegu hilero mankomunitateari 8.000€ kostatzen zaion belatz kuadrila. 8.000€ kaioak urrun mantentzeko.

 

Ariola eguna

Larunbat goizean, Ariola egunerako antolatuta zeuden ekimenen barruan, eko-erosketari buruzko eta konpostaje eta birziklapenaren inguruko tailerra montatu genuen azken portuko baratzian. Eguraldi ederra izan genuen eta pertsona ugari inguratu zitzaigun bi gai horien inguruan informazio eske. Argazki batzuk ere atera genituen

20120506-091600.jpg

20120506-091719.jpg

20120506-091736.jpg

20120506-091747.jpg

20120506-091807.jpg

Hondarretatik aukerak sortzen

Gipuzkoan sortu diren Zero Zabor taldeek agerpena egin dugu Donostiako Ondarreta hondartzan

Zero Zabor taldeen aurkezpena

20120501-095250.jpg

Zero Zabor azalpena

Zero Zabor azalpena

Zer da zero zabor? Zertan datza? Irakurgai interesgarria zero zabor filosofia ezagutu eta ulertzeko

Europako parlamentua zabortegi eta errausketaren desagertzearen alde azaldu da

Berri garrantzitsu bat iritsi zaigu Europatik:

Europako parlamentua zabortegi eta errausketaren desagertzearen alde azaldu da

 

 

 

 

“Plataforma ciudadana contra el PaP”

Azken aldi honetan,  hondakinen bilketaren inguruko eztabaida “modako” gaia bihurtu da gure herrian  eta nahiz eta gure ikuspuntutik eztabaidarako abiapuntu hau okerra den, oraingoan honen inguruan hitzegin nahi dugu.

Aurreko martxoaren 30ean, “Plataforma ciudadana contra el PaP” deritzona aurkeztu da. Plataforma honen helburua atez  ateko gaikako bilketaren ezarpena gelditzea da. Bere burua “iniciativa popular” bat bezela aurkeztu du, alegia, guk ulertzen dugunez behintzat, independientea da,  ez du inongo alderdi politikorekin loturarik.

Plataformaren aurrenengo ekimena sinadura bilketa bat abiaraztea izan da, hontarako sinatzaileei dokumentu bati atxekimendua eskatu diete. Dokumentu hortan, besteak beste, sinatzaileek sortutako hondakin guztiak birziklatzeko konpromezua hartzen dute. Konpromezu hau begi onez ikusten dugu Zero Zabor filosofiarekin bat egiten duen aldetik, baina era berean gure zalantza ere azaldu nahi dugu konpromezu horren betetzea bermatzea ezinezkoa iruditzen zaigulako. Ez dugu zalantzan jartzen sinatzaileen fede ona, baina bai plataformaren sustatzaileena. Gure ustez, dokumentu horrek helburu bakarra du: atez atekoaren aurkako atxekimenduak lortu eta, nola hala, bere ezarpena gelditzea. Horretarako birziklapena erabiltzen dute aurpegia zuritze aldera.

Eta zergatik helburu hori? Gure ustez plataforma hori ez da hain independientea. Gure ustez alderdi politiko baten ezkutuko maniobra bat da benetako eztabaidan ez sartzeko, hau da, hondakinen gaia bere osotasunean hartu eta konponbide egokia ematea. Bitartean, indarrean dagoen 5. edukiontzian oinarritutako bilketa sistema  mantentzean, birziklapen tasak maila bajuan mantentzen dira eta Zubietan egin behar zuten errauskailua martxan jartzeko aitzakia dute.

Hona hemen plataformaren independentzia zalantzan jartzen duten argazki batzuk, sinadura bilketarako erabiltzen duten materiala Batzokian

ImageImageImage

ATEZ ATEKOAREKIN ZERO ZABORRERANTZ

EKOLOGISTAK MARTXAN-EK ONTZAT JOTZEN DU GIPUZKOAKO ATEZ ATEKO SISTEMA

1.-EZ DA IPARRA GALDU BEHAR

Garrantzirik gabeko kontuetan galtzen gara askotan eta oinarrizkoena ahazten dugu: baliabide mugatutako mundu batean bizi gara. Gaur egungo ingurugiroaren egoeran kokatu behar da zaborren arazoa, iruzurrik egin gabe. Zientziak argi eta garbi azaldu du gure zibilizazioak  sortu duen ingurugiro krisia eta aurrean dituen mugak. Eta arduratsua den politika batek hondamendira garamatzan dinamika hau ekidin behar du. Hau da, hondakinen politika bat egiteaz gain, ingurugiro arazo orokorrei aurre egin behar diegu.

Zaborren arazoan  gure  gizartea eta ingurugiroaren arteko urruntze bat eman da, eta banaketa hau azken urteetan areagotu da, kontsumismoa indartu delako, eta ez delako hondakinen gutxitzea bultzatzeko inongo neurririk hartu. Hiri hondakinen arazoa hodi bukaerako arazo bat bezala hartu izan da beti, arazoa ez da orain sortu, bizi dugun egoera urtetan egindako kudeaketa txarraren ondorioz sortu da. Kudeaketa honek kutsatzeko eskubidearen ideia patologikoan oinarritu da batetik eta iruzurra onartu du: baliabide naturalak izatez publikoak diren arren pribatizatu egiten dira, eta hondakinak ordea, jatorri pribatua izan arren publikoak bihurtzen dira. Irizpide hauetan oinarritzen den sistema jasanezina bihurtzen da, eta egoera kritikoetara heltzen da beti.

Hondakinen kudeaketa Europako Hondakinen Zuzentarauan (2008/98/CE) oinarritu behar da, eta zuzentarau honek hainbat lehentasun zehaztu eta betetzera behartzen du: lehenengo eta behin sortutako hondakinen kopurua gutxitu behar da, gero berrerabilpena lehenetsi behar da, eta honen ostean birziklajea bultzatu. Azken aukerak errausketa eta zabortegiak lirateke. Arau honek hondakin organikoak banatuta biltzera behartzen du ere. Beraz ez da inposaketa bat, Europako legediak berak behartzen du materia organikoa banatuta biltzera.

Argi dago atez ateko sistema hobeto egokitzen dela Europako Hondakinen Zuzentarauak finkatzen duen hondakinen kudeaketa sistemen arteko hierarkiarekin. Argi dago ere atez ate-ko sistemarekin birziklatu ahal den hondakinen kopurua asko igotzen dela, baina zer gertatzen da hondakinak gutxitzearen helburuarekin?. Birziklajean lortutako emaitza onaz haraindi , hondakinak gutxitzearen aldeko ahaleginean erronka handia du atez ateko sistemak, Katalunian adibidez atez ateko sistema erabilera eta gero batez beste hondakinen % 11,94-ko gutxitea eman izan da.

Errausketa ez da bakarrik hondakinen kopuruaren biderkatzean oinarritzen den plangintza oker bat, herritarren parte hartzea eta udalen autonomia baztertzen dituen sistema teknokratiko bat da. Hau dela eta hondakinak errausten ez dituen edozein sistema onargarria da, ez dituelako ingurugiro arazo berriak sortzen eta baliabideen suntsiketa ekiditzen du. Errauskailu bat eraikitzea erabateko arduragabekeria da gure ustez.

2.-GAIKAKO BILKETA INTENTSIBOAN DAGO GAKOA

Ekologistak Martxan-ek kontsumoaren gutxitzea eta zaborren kopuruaren gutxitzearen aldekoak gara guztiz, honen ostean berrerabilpena eta birziklajea bultzatu behar direla aldarrikatzen dugu, hau da hondakinen arazoa konpontzeko giltza. Legedia aldatu behar da udalerrietan birziklajea derrigortzeko eta birziklaje kopuruak nabarmen igotzeko. Hau lortzeko ez dugu inongo bilketa sistemarik baztertzen, baina helburua argi egon behar du: gaikako bilketak %80-ra heldu behar du, hau da, Katalunian eta Gipuzkoan gaur egun martxan diren atez ateko sistemek lortzen dituzten emaitzak lortu behar dira.

Edozein bilketa sistema ezartzen den udalerriaren errealitateari egokitu behar zaio eta herritarren partehartzea bultzatu behar da, hau baita martxan jarriko den sistemaren funtzionamendu onaren giltza.

Edozein bilketa sistemak materialak berreskuratzeko bete behar duen lehenengo araua, jatorrizko materialen  gaikako banaketa da. Sen onak esaten digu ez dugula gure etxeetan batu behar gero biltegi desberdinetan gaika botatzea eskatzen digutena. Beraz etxeetan egiten den gaikako banaketa abiapuntua da, materialen berreskuratzea ziurtatzen duen hondakinen kudeaketa egoki bat bermatzeko.

Guztiz beharrezkoa da lehen urratsa bezala, hondakin organikoaren bilketa antolatzea, hau baita zaborraren zatirik handiena. Bizkaian esate baterako, 2001-ko RD-ren arabera usteltzeko moduko hondakin organikoa zaborraren %43,86-a da. Zaborraren zati handi hau ez dago zertan suntsitu beharrik, berreskuratu daiteke ongarri bezala, gure herrian koniferen monolaborantza eta azpiegiturak direla eta, higadura haundia pairatzen duen lurra ongarritzeko. Argi dago Bizkaian eta Euskal Herri osoan ere, lurrak materia organikoaren gabezia duela.

Materia organikoa banatuta biltzeko erabakia hartuz,  tratatu beharreko zaborra, gaur eguneko zabor guztiaren %56,14-an geratuko litzateke, eta ehuneko horren zati handi bat birziklatu daiteke. Bizkaian zaborraren %33-a birziklatzen da gaur egun, bakarrik konpostatzen da %0,8-a eta berrerabiltzen da %0,4-a (ikusi ondoko koadroa), beraz materia organikoa banatuta biltzea egite hutsarekin errefusa osatzen duen zaborraren zatia % 22,74-an geratuko litzateke, hau da, 140.000 Tm/urteko gutxi gora behera. Hau dela eta, materia organikoa banatuta bilduko balitz, Zabalgarbiko errauskailua erdira gutxitu beharko litzateke (gaur egungo 217.000 toneladetatik), eta ez litzateke beharko zabortegi bat bera ere. Den dena konpostatuko dela pensatzea utopikoa bada ere, bide honetatik abiatu beharra dago, behar diren baliabideak eta bitartekoak ipini behar dira, hauxe politikarien lehentasuna bilakatu beharko litzateke hondakinen gutxitze garrantzitsu bat lortzeko.

Bizkaia 2011 urtea.
Tm/urteko %
Materialaren balorizazioa Berrerabilpena 2.074 0,4
Konpostatzea 4.451 0,8
Birziklajea 194.394 33
Balorizazio energetikoa 217406 36,9
Zabortegiak 170482 29
Hiri hondakinak Guztira 588.807

3.-GAIKAKO BILKETARIK ERAGINKORRENA ATEZ ATEKOA DA.

Ezaguna denez, materia organikoaren banaketa ona egin eta ondo egokitutako atez ateko bilketa sistema batek lortzen du eraginkortasunik altuena, %80-ko birziklaje portzentaiak baino altuagokoak lortuz (Antzuolan %92-a birziklatzen da), edukiontzi kolektiboen sistemen aurrean.

Ikus ditzagun zenbait adibide eta datu egoerak alderatzeko:

  • Bizkaian giltzazko BOSGARREN EDUKIONTZIAREKIN, 5 urtetan Bizkaian sortzen den materia organiko guztiaren %4-a konpostatzea nahi dute. Oso helburu apala da, esan beharra dago Usurbilen eztabaida prozesua hasi eta bi urtera %100-a konpostatzea lortu dutela. Atez ateko sistema askoz eraginkorragoa ematen du, Bilboko Udaleko txosten baterako egindako ondoko koadroan ikus dezakegunez. Baina hala ere bosgarren edukiontziarekin Deustun lortutako emaitzak, gipuzkoarrenak baino askoz okerragoak dira, eta bilketaren antolatzaileen utzikeriari baino ezin zaizkio leporatu, hau da Bilboko Udalari edo/eta Bizkaiko Aldundiari.
Tokia Biztanleria 2007 Partehartzaileak Bildutako Toneladak
5º Edukiontzia DEUSTU 22.267 2.200([1]) 63([2])
5º Edukiontzia Amara 26000 5200 330
Aretxabaleta 6.700 1067 65
Azkoitia 11300 2069 137
Azpetia 14300 1288 115
Zarautz 22600 1781 154
Zumaia 9100 1220 80
OSOZ 90.000 12625 881
Atez Ateko sistema Usurbil  2010 5900 5900 981

Bizkaian errauskailuarekin ez da beharrezkoa ez minizaziorik, ez prebentziorik, ezta ordezko tratamendurik, baina hala ere eta itxurak egitearren, Bilboko Deustu auzoan materia organikoa biltzeko saio piloto bat egiten ari dira. Deustuko 22.267 biztanleok batez beste 1,13 kg/pertsoneko eta eguneko sortzen dituzte, hau da 9.184.024 kg, 9.180 tonelada inguru. Hondakin horien %40 materia organikoa bada, Deustun urtero 3.673 tonelada materia organiko sortzen dira, baina kasurik hoberenean bakarrik 63 tonelada materia organiko biltzea aurrikusten da. Hau da, bildu litekenaren % 1,75-a baino ez, huskeri bat. Eta hau horrela da Bilboko Udalak eta Bizkaiko Aldundiak ezarritako erizpideen arabera bakarrik bilduko dutelako sukaldatu gabeko materia organikoa, herritarren partehartzea eta konpromisoa asko zailduz.

4.-ATEZ ATEKO SISTEMAREN EZAUGARRIAK

Atez ateko sistemaren aurkakoek, sistema honek sortzen duen zikinkeriaz hitz egiten dute, eta “hondakinen turismoa” delakoaz, hau da zaborrak beste udalerrietako edukiontzietara eramaten direla, eta gainera ohiko bilketa sistema baino askoz garestiagoa dela esaten dute. Baina hau esten dutenek zenbait gauza ahazten dituzte, adibidez gure hirietako auzo askotako edukiontziak gainezka egoten direla eta haien inguruan zikinkeria barreiatuta egoten dela, hau krisiarekin areagotu da, pertsona asko hondakinen artean bilketan aritzen direlako. Atez atekoak usain txarrak sor ditzake baina maiztasun egokiarekin biltzen bada arazo hau asko gutxitzen da, bestaldetik ohiko edukiontziekin usain txarren arazo berdina sortzen da.

Atez ateko sistemaren kostuak direla eta, baliteke martxan jartzea garestiagoa izatea baina etorkizunari begira…. errauskailu bat eraikitzea baino garestiagoa da?. Konpostatzea beste sistemak baino askoz merkeagoa da, adibidez esan beharra dago ZABALGARBIKO errauskailuak (200.000 tonelada hondakin errausten ditu urtero) 154 milioi euro inguru kostatu zuela bere garaian eta ordea 20.000 tn/urteko tratatzeko gaitasuna duen Artigas-eko Konpostegiak bakarrik 6,2 milioi euro kostatu duela. Zabalgarbiko kostu horiei gehitu behar zaizkio PLANTA DE TRATAMIENTO MECANICO-BIOLOGICO izen arranditsua duen instalazioarenak, hau da beste 30 milioi euro. Instalazio hau hondakinen lehortegi huts bat da, zaborra errauskailura lehorrago eraman ahal izateko balio duena, horrela gas gutxiago erabili behar izateko (gero eta garestiagoa da), baina prozesu honetan lixibiatuak sortzen dira.

Gaur egun Gipuzkoak atez ateko sistemarekin biltzea aurrikusten duen materia organikoa konpostatzeko gaitasunik ez dauka. Eragozpen hau, materia organikoa tratatzeko instalaziorik eza, lehenagoko kudeaketa zoritxarrekoagatik sortu da. Jada 2008-an Azpeitiako Lapatx konpostegia zabaldu zutenean, orduko EAJ-PNV-ko agintariek esaten zuten “instalazio hau Gipuzkoak 2009-an izango dituen hiru konpostegietako lehena da”, 2012-an gaude eta besteak ez daude….Zer egin dute PSOE-k EAJ-k eta PP-k gobernatutako udalek, 90.garren hamarkadan erabakitako errauskailuaren eraikitzeko moratoria ezarri zenetik gaur egun dagoen kolapso egoera honetara heltzeko?, albo batera utzi dute , ahaztu, Sasieta eta Txingudi-ko konpostegien eraikitzea eta 10 urte igaro dituzte itsututa Zubietako errauskailuaren eraikuntza burutik ezin kenduz, hondakinen kudeaketan baliatu behar den 3R-en irizpideen hierarkia hankaz gora jarriz.

Orain aukera bakarra hondakinak inguruetako lurraldetara eramatea da. Zera eskatzen dugu, tratamentua ingurugiro eta kalitatezko irizpideekin egitea, konpostatzetik lortutako produktua behar bezala baliatu ahal izateko. Hau dela eta Gipuzkoan konpostegi gehiago eraikitzen diren arte, behinbeineko moduan materia organikoa beste lurraldetara eraman beharko litzatekela uste dugu.

Bizkaiko agintarien ohizko kritika da Atez ateko sisteman lortutako konpostaren kalitate eza, baina ez dute kontutan hartu nahi, ez dute aintzat hartzen hasieratik bosgarren edukiontzietan bildutako materiarekin nahasten zela. Argi dago Lapax-en (Gipuzkoako Konposta) sortutako konpostaren ospea kentzeko borondatea dagoela Bizkaiko Aldundiaren aldetik. Baina hori gertatu beharrean orain dela gutxi konpost honek “A Mota”-ko ziurtagiria lortu du Ministerio de Medio Ambiente y Medio Rural y Marino-ren aldetik (MARM).  Ziurtagiri honekin berme guztiak izango ditu lorezaintzan edo nekazaritzan erabiltzeko beste erabilpen batzuren artean.

Ekologistak Martxan-en partehartze kontzientea oinarrizkoa dela uste dugu, hau da herritarrok etika praktiko bat garatu behar dugu, ardura, erosotasunaren aurrean jarri behar dugu. Atez ateko sistemak gu guztion partehartzea eskatzen du, eta pertsona guztien konpromisoarekin baino ezin izango da gauzatu. Ez da erosoa, baina edukiontzien sistema ere ez da erosoa gauzak behar bezala banatu eta egiten dituen pertsonarentzat.

Atez ateko sistema aukera egokia eta malgua izan daiteke, herri eta hiri desberdinetara egokitu daiteke, herritarrekin eztabaida zabaldu  eta konponbide egokienak bilatu behar direla uste dugu. Adibidez pintxoek (zutoiak) Usurbilen emaitza ona eman dute, baina ez da aukera bakarra. Eta egia da ere ez dagoela beti guri zaborra etxe atean bertan biltzea eskatzerik. Bloketako etxeetan egin daiteke, Hernanin ikus daiteken bezala. Hau sistema malgua da (bai ordutegietan, bai tokietan, garraioari egokitzeko moduetan… pintxoaz gain beste aukerak azter daitezke ere).

Aukera dago ere RETORNA sistemarekin batera erabiltzeko, guztiz bateragarriak dira, horrela balitz egoera erabat aldatuko litzateke. RETORNA, ONTZIEN  GORDAILU ETA ITZULKETA SISTEMA bat da, eta gehien erabiltzen diren elikagai likidoen ontzien gaineko gordailu derrigorrezko bat ezartzen du, hau da, ura, garagardoa, zukuak eta freskagarriak eta haien arteko nahasketak hartzen ditu bere gain.

5.- ERAKUNDEEN ARTEKO BEGIRUNEA ESKATZEN DUGU

Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak hitzarmena ez berritzeko behin eta berriz egin dituen mehatxu adierazpenak erakundeen arteko leialtasunaren aurkakoak dira, eta Gipuzkoak bere arazoak konpontzeko 2008-ko hitzarmenean azaltzen zen borondatearen kontrakoak dira. Ez dago Bizkaiko elkartasun ezarako ziorik, ez dago hitzarmena ez berritzeko arrazoirik. Gipuzkoak konponbidea bilatzen ari da, agian ez da EAJ-PNV-ren gustokoa izango baina honek ez du zertan boikot bat ekarri behar.

PSE ALDERDIARI DEIALDIA. Deialdi bat egin nahi diogu PSE alderdiari atez ateko sistemaren aukako bere jarrera erasokorra eten dezan, konponbide ekologikoena bilatzeko eztabaida lasaitu eta erraztu beharko luke herri guztietan. Harritu egin gaitu PSE-ren jarrera gatazka honetan,  beldurrak astintzen eta herritarren arduragabekeria, erosokeria bultzatzen, PSE alderdia zabalagoa izan beharko litzateke aurrerakoiak diren ideien aurrean eta eztabaida eta partehartzea bultzatu beharko luke.

Bizkaian Bilbo inguruko Ezkerraldean sortu ziren Zabalgarbi errauskailuaren aldeko lehenengo ideiak PSE-ren udal politikaren eskutik, politika hau ingurugiroaren aldetik atzeraikoa izan da eta ekarri zuen  egoera larriaren aurrean Zabalgarbiko errauskailuaren konponbide azkarra eta ustela saldu ziguten. Errausketa ez da inoiz konponbidea izan, zaborren arazoa behar bezala, ondo eta dagokienean konpontzen ez denean, politikarien eskutik datorren sasikonponbide ustela baizik. Ez dezagun ibilbide berdina berriz egin.

Bilbo, 2012-ko martxoaren 21-an.  Ekologistak Martxan-eko Bizkaiko Hondakinen Batzordea.


[1]  Banatutako 877 etxe edukiontzietatik egindako kalkulua, edukiontziko edo etxeko 2,5 pertsona suposatuz. Udalak emandako datuak baliatuz, 2011-ko urriko udalbatza.

2 Estimazioa. Udalak 1000-1200 kg  astero biltzen direla adierazi du, beraz 1200 kg eta 52 aste urtean, 62.400 kg urtero ateratzen dira.

USURBIL. MARTXOAK 18, IGANDEA. III. URTEURRENA ALDARRIKAPEN BIHURTUA

USURBIL. MARTXOAK 18, IGANDEA. III. URTEURRENA ALDARRIKAPEN BIHURTUA

atez atekoa, hondakinak eta zaborra (mediatikoa, noski!!)

Atez atekoa hamar gezur handienen rankinga

Urko Apaolaza

Atez ate

Andoni Egaña

Ez dizut irekiko gau ilunean aterik» dio gure abesti zahar ezagun batek. «Etzuela nahi, etzuela nahi, atean atzean etzuela nahi… ganbaran bai!» beste batek. Udaberrian abiatu eta «atea kax kax jo nion baina» nola ez zuten erantzuten ere ikasi genuen. Jose Inazio Ansorenak jarri gintuen arrastoan: euskal kantutegi tradizionalean ateak berebiziko sexu-sinbologia zuen.

Esanahi jolasti hartatik gutxi du orain ateak. Pare bat urte pasatxo dira lehenengoz entzun genuela: atez ateko zabor bilketa. Orduan berria zitzaigun jarduera eta ezezaguna esamoldea. Gauzak ederki aldatu dira denbora gutxian! Joandako asteetan ez da besterik entzun eta irakurri, Gipuzkoa aldean behintzat.

Ezer gutxi dakit nik datu zehatzei buruz eta ez noa, jakina, zifra eta horrelakoetan katigatzera. Ez dakit behar bezainbat osaturiko iritzirik ere badudan, baina uste eta susmoak baditut, eta oroitzapenak, eta ez noa horiek gordetzera.

Lehenik eta behin, zabor-bilketari buruzko eztabaida honetatik denok irtengo garela irabazle iruditzen zait. Joandako urteetan zer egiten ari ginen pentsatu ere ez egitetik gure aurrean ze arazo daukagun begi bistan jartzera iritsi gara. Ez da gutxi. Konponbiderik jarri ezean geuk sortzen dugunak ito behar gaituela jabetu gara. Sinistu nahi dut administraziotik eman den urrats txiki bakoitzak —beirarentzat kontainer berdeak jarri edo bosgarrena ipini organikoentzat giltza eta guzti—, nahiz arazoa bere gordinean konpondu ez, izan duela gugan hoberako eragina. Zerbait egin beharra dagoela eta norberak bere aldetik ahalegin handiegirik egin gabe zerbait hori egiten ez dela hain zaila erakutsi digu.

Hortik aurrera, atez atekoaren gaiak hartu duen durundia bera da aski harrigarri. Kudeaketa eremukoa behar lukeen kontu bat politikako gudu-zelai bihurtu da, nor tematuago, «besteen» ekimena eta ideia delako, bere horretan txartzat jotzeraino. Giza izakerari buruzko ikuspegirik etsiena nagusitzen zait jarrera horiek sumatzean, eta gai potoloei buruz hizketan hasi eta Anjel Mari Peñagarikanori inoiz entzun izan diodana burura etortzen: «Ederrak gaudek gu zenbait gaitan ados jartzeko! Ez diat ezagutzen etxepe bakar bat ere, igogailua jarri behar eta auzoen arteko xextrarik sortu gabekorik!». Atez atekoaren eztabaidak, gugan legokeen onena ateratzeaz gain —inguruarekiko kezka eta datozen belaunaldiekiko ardura—, gugan dagoen txarrena ateratzeko ere balio izan du: probintziakeria hauspotu da Gipuzkoako zaborrak aldi batean Bizkai aldera eramaten direlako. Gezurrak asmatu dira eta hiri-leienda bilakatu «zabor-turismo» delako horren inguruan. Parte-hartzailetzaren kontzeptua bakoitzak bere erara eta neurrietara moldatu du…

Gudu-zelai politikokoa ez lukeela behar gai honek idatzi dut lehen. Baina horrek ez du esan nahi gai politikoa ez denik. Politika, elkarbizitza modu batera edo bestera antolatzearen jarduera da, eta politikarien lana, modu horietako batzuk hobetsi, dagozkien erabakiak hartu eta ahalbidetzea. Agintariak badu, behar bezala hautatua izan denean, betebehar eta eskubide hori. Gero hiritarrek emango dute epaia.

Zirt edo zart egitea baino hobe da, ordea, betiere konbentzimenduaren bidea. Eta zaborren gai gaiztotu honek hainbesteko xalamatika sortu badu, pentsa zenbatekoa sortuko lukeen, esaterako, trafiko handiegia dugula, errepide gehitxo behar ditugula, kutsadura gero eta jasangaitzagoa dela eta… aginte guneren batek familiako edo pertsonako auto bakar bat izatera behartuko bagintu. Erresistentziak atez atekoak sortutakoak baino askoz ere handiagoak lirateke. Beti izaten baita berriaren aurrean atzera egiteko joera duenik. Eta atez atekoa abian jarri behar den herrietan joera horiek berdintzera jo behar litzateke. Berriaren aurrean ikaraturik probatzeko baino muzin egiteko prestuago azaltzen denari ez da komeni datuak, zifrak, konpostak eta errefusak aipatzerik. Aski litzateke «txerri-janarena» gogora ekartzea. Kale-etxetik kale-baserrira garraiatzen zen baldeka lurruntsu hura ez zen aprobetxamenduaren eta birziklatzearen aurrendari logikoa baino. Kalean bizitzen jarri zenak bere hondakinekin zer eta nola egin asmatzen zuen; eta artean kale-baserrian bizi zenak bazekien hondakin haiek eskertu eta erabiltzen. Oraingoak baino gauza zailagoak eginak gara.

BERRIZIKLATU

 

Berrizko Udalak hondakin organikoak konpostatzeko proiektu interesgarria abiaraziko du: “Berriziklatu”.

50 familien parte hartzeaz aurrera eramango den esperientzia pilotu honen helburu nagusia birziklapena laguntzea, zaborraren faktura murriztea eta auzotarrek euren zaborrari ingurugiroarekin begirunezko den etekin bat ateratzea da. Hondakinen %60a organikoa dela kontuan hartuta, sistema berriagaz 26.225 kilo inguru tratatzea itxaroten dute.

Martxotik aurrera hondakinak atez-ate jasoko dituzte programarako kontratautako langileek, erabiltzaileek zehaztuko duten ordutegi eta egunetan. Konpostaren garraioa ibilgailu elektrikoz egingo da. Ostean Berrizburu konpostaje-plantara eramango dira eta bertan Azteraneko ikerketa taldeak konposta aztertu eta bere berrarabilpena zehaztuko du, kalitate eta konposizioaren arabera.

URTETARA IRTEERA, LARUNBATA 25, 10etan GURIAN

urtetaargazkia

Kaixo arratsaldeon,

Zarautz Zero Zaborreko kideok Arkamurka natur taldeko kideekin batera bildu gara larunbateko ekimenaren berri emateko. Abenduan bigarren eskuko azoka antolatu ondoren, orain Urtetako zabortegian jarri nahi izan dugu arreta. Gure helburua zero zabor filosofia herriratzea da eta horretara bideratzen ditugu gure ekimen desberdinak.

Hondakinen gaia osotasunean aztertu eta eztabaidatu behar da, ez da mugatzen hondakinen bilketa sistemara bakarrik. Arazoa ez da bukatzen gure zabor poltsa (bereiztu gabe bilduriko hondakinak) edukiontzi berdean botatzen dugunean, orduan gehienez ere arazoa ezkutatu egiten da. Ez da bide luzea egin behar gure zabor poltsak non bukatzen duen ezagutzeko, zaborra biltzen duten kamioien joan etorri etengabea jarraitzea nahikoa da Urtetako zabortegira iristeko.

Gure etxeetan gutako bakoitzak sortutako zaborra (bereiztu gabe bilduriko hondakinak), guretzat arazo dena, begi bistatik kendu eta Urtetako zabortegira eramaten dugu, bide batez bertan beste hamaika arazo eta nahigabe eraginez.

Larunbateko ekimenarekin errealitate hau ikustaraztea dugu helburu. Honetarako, Urteta auzora txangoa antolatu dugu Arkamurka natur taldeko kideekin batera.

Egitaraua eta ibilbidea ondorengoak izango dira:

  • Goizeko 10etan elkartuko gara Guria tabernaren aurrean. Irteera bi ordu ingurukoa izango dela aurreikusten da.
  • Benta auzotik joanda, Argoain auzoa zeharkatu, Borda pasa eta Amezmendi inguratuz zabortegira iritsiko gara.
  • Bertan, zabortegiaren kronologiatxo bat egingo da, egungo egoera azaldu eta etorkizunerako aukera bideragarriak proposatuz.
  • Zabortegia atzean utzita, Oiarte baserrirantz bideratu, ondoren Kortabururantz jo eta azkenik Urteta auzora iritsiko gara.
  • Auzoko elkartean hamaiketakoa.
  • Bukatzeko, Urteta auzotik herrirako bidea hartuko dugu txangoari amaiera emanez.

Hortaz, herritar denak gonbidatuta zaudete txango honetan parte hartzera. Otsailak 25 larunbata, goizeko 10etan Guria tabernaren aurrean.

Hitzaldia. Hondakinen kudeaketa: Azpeitia eta Gipuzkoako egoera

Hitzaldia. Hondakinen kudeaketa: Azpeitia eta Gipuzkoako egoera

Otsailak 8, 19:00etan Sanagustin Kulturgunean

Xiberotarrek abestia moldatu dute

Xiberoan Euskaraz Bai elkarteak flahsmobaren doinua eta dantza hartu eta letra aldatu dio. Bikain geratu da abestia. Abestia berriz entzuteak memoria bereziki goxoak ekartzen dizkigu gogora, Gipuzkoar guztiak bat eginda Zubietan dantzan jarri ginen hartakoa. Baina, era berean, letra berrituta entzutea, xuberotarren ahots ederrekin… hori ere pasada bat da. Sentsazio berriak. Gipuzkoa Zero Zaborren lanak jarraipena duenaren sentsazioa, eta batez ere, ezinezkoa dela asmatzen ekimenek zein bide hartuko duten, eta horrek datozen ekimenei misterioren eta sorpresaren erakargarritasuna gehitzen dizkiela.