Herritarron erantzukizuna eta supiztaileen gezurrak

Kontxi Aldanondo, Hernanin Zero Zabor taldeko kideak, Berrian argitaratutako gutuna.

Gipuzkoan milaka familiak lagatzen dituzte azken denboretan etxeko hondakin organikoak kaleetan, horretarako ipinitako edukiontzietan; bosgarren edukiontzia zabaldu ahala, gero eta familia gehiagok egingo dute. Horretarako beren etxeetan hondakinak bereizten dituztenek (papera eta kartoia, organikoa, plastiko eta ontzi arinak, beirakiak… eta azkenik errefusa) erakusten dute ohitura aldaketa txiki batekin asko hurbiltzen garela «Zero Zabor» helburura. Gauza bera esan dezakegu etxeetan konposta egiten duten milaka familiez.

Bosgarren edukiontziarekin konprometitu diren familiok eta autokonposta egiten dutenak, denak borondatez ari dira eta gure txaloa merezi dute. Azken finean, Usurbil, Hernani eta Oiartzungo herritarrok egiten duguna berdin egiten dute haiek ere: hondakinen bilketa bereizia. Hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzeko borrokan, guztiok elkarrekin ari gara lubaki berean.

Baina, gainera, bosgarren edukiontziarekin ari diren familiek meritu handiagoa daukate; zeren eta beren inguruan familien lautatik hiruk paso egiten baitiote bilketa selektiboari, Gipuzkoako agintariek erabaki dutelako hori borondatezkoa izatea. Hor dago koska, hain zuzen.

Gauzak argitzen hastekotan, bosgarren edukiontziaz eztabaidatzeko partez (izatez, seigarrena edo zazpigarrena izan liteke, pilen edo olioaren edo janzkien edukiontziak kontatuta), benetan gai nagusia denari heldu behar diogu: alegia, hondakinen bilketa bereizia… derrigorrezkoa ala borondatezkoa? Beste modu batean esanda: kutsatzea libre ala kutsatzea debekatuta?

Gezurra dirudien arren, gaur Gipuzkoan bosgarren edukiontziaren propaganda egiten dutenek aspalditik dakite gauzak nola diren. PIGRUG famatuan, 2002-2016 planaren aurrerapenean, hura egin zutenek Europan hondakin organikoak biltzeko usatzen diren sistemak konparatu zituzten, baita horien emaitza oso ezberdinak ere. Interneten, agiriaren euskarazko bertsioan 109. orritik aurrera irakur daiteke.

Gipuzkoako hondakinak planifikatzen ari zirenek, 2002 baino lehen, aitortzen zuten hondakin organikoaren borondatezko bilketan sekula ez zutela parte hartuko familien %25ek baino gehiagok. Eta, alderantziz, agiriak azaltzen zuen Italian atez ateko bilketa derrigorrezkoak askoz emaitza hobeak ematen zituela, bai parte-hartzeari eta bai hondakinen kalitateari dagokienez.

Hori dela-eta, gure ustez, azken denborotan sortu duten zalaparta (astakeria handiak esan dituzte, azkena Hernani-Usurbil-Oiartzunen bildutako organikoa txarragoa dela… bosgarren edukiontzietakoa baino!) ez dela hori besterik: herritarrak despistatzeko zalaparta. Zer dela eta? Batetik, ea denbora azkar pasatzen den hondakinentzako benetako irtenbideak martxan jarri gabe. Eta, bestetik, aurrekoa lortutakoan, beren helburua inposatzeko: herritarroi oharkabean eztarriko zulotik sartzea Gipuzkoan errauste planta eraikitzea beharrezkoa dela.

PIGRUG 2002-2016 idatzi zutenetik urrats handiak egin dira munduan «Zero Zabor» helburuaren bila. Hego Europan, Italiako herrien ondoren Katalunia eta Balearretako udalak jarri ziren martxan. Geroago, Usurbil, Hernani eta Oiartzunen martxan jarri den sistemak bere gain hartu ditu aurretik milioika italiarrek eta ehunka milaka katalanek ikasitakoak.

Informazio asko dago horretaz guztiaz. Enteratu ez diren bakarrak politikari axolagabe edo ezjakin batzuk dira, oraindik ere konparatu nahian ari direnak bilketa selektibo derrigorrezkoak edo borondatezkoak lortzen dituzten emaitzak. Gipuzkoan errauste planta sustatzen ari diren politikari, goi funtzionario eta enpresaburuek oso ondo dakite gauzak nola diren. Aspalditik dakite. Eta horrexegatik ezkutatzen dute informazioa.

Atez ateko bilketak erdiz erdi izorratzen du errausketa proiektua, larrugorritan eta agerian uzten duelako Zubietako planta eraikitzeko erabiltzen dituzten argudioak gezurrezkoak direla: errauste plantek gure hondakin organiko guztien beharra daukate, «biomasa» famatuarekin haiek justifikatzen dituztelako labea eraikitzeko diru-laguntzak, lotsarik gabe «berriztagarria» bataiatzen duten energiarentzako laguntzak, Kyotoko protokoloari laguntzen ari direla esanez egiten duten pozoitzea, eta abar.

Ditxosozko bosgarren edukiontziarekin haiek, supiztaileek, ondo dakite herritar burutsuenek birziklatzen segituko dutela erantzukizunagatik, baina aldi berean beraiek lortuko dutela hondakin organikoen %75 eskuratzea, hura kiskalita negozioa egiteko. Eta haien labeak hemen nahiko «janari» ez baldin badauka, orduan urrutitik ekarriko dituzte zaborrak hemen erre eta gu pozoitzera: Alemanian ondo dakite, hara kanpotik urtean bi milioi tona zabor eramaten dute kiskali eta negozioa egiten segitzeko.

Guretzat, birziklatzea obligazioa da, zebrabidean autoa geratzea den bezala. Baina, errauste planten supiztaileentzat, birziklatzea arazoa da, haiek deskubritu baitute zaborra (dena nahastuta, jakina) erregai subentzionatua izan daitekeela. Guk pagatua; alegia: zabortegi ibiltari bihurtu nahi gaituzten herritarrok pagatua.

Honi buruz zarautz0zabor
Hondakinen kudeaketa arduratsua bultzatzen dugu. Reducir, Reciclar, Reutilizar.

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: